BBK, Kutxa eta Vital elkartzeko akordioa lortu dute hiru aurrezki kutxetako presidenteek. Azkenean, bat-egite hotz edo birtual baten bidez elkartuko dira hiru erakundeak, PSE-EEk eta PPk integrazio osoari ateak itxi dizkiotelako. Finantza negozioa banku batean bilduko dute, eta horren jabetza partekatuko dute. Bateratze hotzaren bideak kutxa bakoitzari bere gobernu organoak, marka eta gizarte ekintzaren gaineko kudeaketa propioa izateko aukera emango die.
Arratsalde osoan albistea bolo-bolo ibili ondoren, CNMV ikuskatzaileari ohar bana bidali zioten BBK, Kutxa eta Vitalek. Oharrak, oso labur, ofizial egin zuen azken urteotan behin eta berriro zapuztu den egitasmoarekin aurrera egiteko borondatea. Idazkiaren arabera, prozesua gidatu behar duten oinarriei buruzko akordioa lortu dute hiru kutxetako presidenteek —Mario Fernandez, Xabier Iturbe etaCarlos Zapaterok—, eta erakunde bakoitzeko organoen esku geratuko da akordioa behin betiko onartzea. Oraingoz, kutxek ez dituzte jakinarazi bateratze prozesuari buruzko xehetasunak.
Bateratze hotz edo birtual batean erakundeak babeserako sistema instituzional (SIP) batean elkartzen dira. Formula malgua da, eta sektorean egin diren bat-egite gehienek erabili dute, gutxienez abiapuntu gisara. Funtsean, elkartzen diren kutxek erakunde zentral bat sortzen dute —banku bat, hain zuzen ere—, eta horri uzten diote finantza arloko baliabideen kudeaketa. Altxortegia, kaudimena, kreditu kalifikazioa edo emaitzak partekatzen dituzte, baina kutxa bakoitzak bere izaera juridikoari eta, neurri bateraino, autonomoari eusten dio. Bide hori erabili zuen Nafarroako CANek, esaterako, Banca Civican Espainiako beste finantza erakunde batzuekin elkartzeko.
Zer aldatu da?
Kutxak elkartzeko bosgarren saioa izan da, eta azken honek aurrera egingo badu ere, 2005. urtean kutxetako agintariek pentsatu, egituratu eta bultzatu zuten bateratze osotik urrun geratuko da. PPren eta PSE-EEren kontrako jarrerak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxak elkartzeko aukerak zapuztu zituen bi aldiz, eta ondoren BBK eta Kutxa batzeko saioak ere porrot egin zuen, Gipuzkoa eta Donostiako Kutxako batzarrak atzera bota zuelako.
Ordudanik, egoera nabarmen aldatu da. Krisi ekonomikoaren ondorioak nabaritzen ari dira finantza erakundeak, eta Espainiako sektorea zaintzapean dute nazioarteko kapital merkatuek. AEBetan finantza krisiak eztanda egin zuenean, Hego Euskal Herriko eta Espainiako banku eta aurrezki kutxek ustez zuten sendotasuna zalantzan geratu zen, batez ere eraikuntza sektorearen gainbeherak utzitako zuloaren ondorioz. Mesfidantza horretan oinarrituta, kutxen birmoldatzeari heltzea erabaki zuten Espainiako Gobernuak eta Espainiako Bankuak.
Hiru kutxek ondo erantzun diote enbatari, oro har, baina testuingurua nahasia da, eta finantza eragile geroz eta handiagoak geratzen ari dira. BBK hasieratik saiatu zen tamaina handitzen. CCM erosten ahalegindu zen, eta ez zuen lortu, baina joan den urteko udan Kordobako CajaSur erosteko enkantean garaile atera zen.
Mugimenduak berriro ere hasi ziren joan den abenduan. BBK-k eta Vital Kutxak bateratze hotza aztertzea erabaki zuten. Prozesu horrek —azkenean gauzatuko denaren abiapuntua— alderdi politikoen galbahea igaro behar zuen, orain arte hesi gaindiezina izan dena.
Hasiera batean, BBK eta Vital elkartzeko proiektuak alderdi guztien babesa izan zuen. Haatik, EAJk Kutxa biltzearen alde egin zuen, eta, erabili nahi zen ereduaren ordez, integrazio osoa gauzatzea beharrezkotzat jo izan du. Haatik, sozialistek eta popularrek erabat itxi dute bide hori, eta atzo bertan Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak adierazi zuen hiru kutxak elkartzeko edozein ekimen «ongi etorria» izango zela.
Ia 80.000 milioiko aktiboak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxek, batera, 78.200 milioi euroren aktiboak dituzte. CajaSur irentsi ondoren, BBKren pisua nabarmen handitu da, eta %62 du, Kutxaren esku dago %27, eta %11 du Vitalek. Kordobako kutxa zenbatu gabe, 5.700 langile eta 885 bulego dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira, sare osagarria dute. Industria partaidetza nabarmenak dituzte Iberdrola, Petronor, Euskaltel, Enagas, CAF, Zeltia eta NH Hotelesen, besteak beste.
BBK, Kutxa eta Vitalen kaudimen egoera oso ona da, eta hirurek gainditu dituzte arazorik gabe Espainiako Gobernuak orain dela gutxi ezarri dituen finantza betebehar gogorragoak. Hori dela eta, ez dute zertan jabetzaren parte bat merkatuan salgai jarri edo inbertitzaile pribatuak bilatu oinarrizko kapitala handitzeko.
Lan egiteko orduan zenbait aukera leudeke. Posible izango litzateke kutxa bakoitzak bere markari eustea toki guztietan, edo jatorrizko herrialdetik kanpo marka bateratua sortzea eta guztiek erabiltzea. Azkenik, Katalunian La Caixak egindakoa ere eskura dute. Finantza negozio osoa Caixabank bankuan jarri du, eraikuntza sektoreko aktibo zalantzazkoak izan ezik, eta izen horrekin hasi da negozioa egiten toki guztietan.
Azkenean, bat-egite hotza
Finantza jarduera banku batean bilduko dute BBK-k, Kutxak eta Vitalek, baina bere nortasunari eutsiko dio kutxa bakoitzakBateratze osoaren ordez, PSE-EEk eta PPk babestu duten formula gailendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu