Kupoaren auzia

Aznarrenak bezala, Zapateroren Gobernuak 32,5 milioi euro kendu ditu Jaurlaritzari zerga berezietatik itzuli beharrekotik

Eusko Jaurlaritzak Kupoa dela-eta Aznarren Gobernuarekin zuen liskarrak berdin segitzen du Zapateroren Gobernu berriarekin. Izan ere, Espainiako aurreko Gobernuak egin ohi zuen bezala, oraingoak ere 32,5 milioi euro kendu ditu Jaurlaraitzari BEZagatik eta zerga berezietatik itzuli beharrekotik. Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak esan du keinu hori aurrekari txarra dela Madrilgo Gobernuarekin elkarrizketan oinarritutako bide bat egiten hasteko.

2004ko apirilaren 30a
15:36
Entzun
Jose Maria Aznar Espainiako aurreko presidentearen Gobernuak egin ohi zuen bezala, Jose Luis Rodriguez Zapateroren egungoak ere 32,5 milioi euro kendu ditu Jaurlaritzari BEZagatik eta zerga berezietatik itzuli beharreko dirutik. Azken batean, Gasteizko Gobernuaren eta Madrilgoaren artean Kupoa dela eta piztutako liskarrak bere horretan segitzen du.

32,5 milioi horien inguruko liskarra iragan maiatzean piztu zen: Jaurlaritzak diru kopuru hori kendu zuen Kupoaren bidez Madrili ordaindu beharrekotik, hain zuzen ere, uste duelako beste autonomi erkidego batzuek osasun finantziaziorako jasotzen duten dirua berari ere badagokiola, eta Espainiako Gobernuak ez diolako ematen.

Jaurlaritzaren erabaki horren ostean, Espainiako orduko Gobernuak —PPko Jose Maria Aznarrenak—, BEZagatik eta zerga bereziengatik itzuli beharrekotik kendu zuen, eta dinamika horrekin segitu zuten bi administrazioek harik eta Espainiako gobernu aldaketa gertatu arte.

Nolanahi ere, Zapateroren Gobernuak bide berari eutsi dio: apirileko azken eguna denez, gaur egin du ordainketa, eta 32,5 milioi horiek kendu egin ditu. Hori dela eta, Madrilgo Gobernu berriarekin elkarrizketan oinarritutako bide bat egiten hasteko erabaki hori aurrekari txarra dela adierzi du Idoia Zenarruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordeak. "PPrekin esaldia honakoa zen: 'ordaindu eta gero hitzegingo dugu'. Badirudi gaur birmoldatu egin dutela, eta 'hitzegiten hasteko 32 milioiak kenduko ditut' bihurtu dela. Keinu hori iraganekoa edo inertziazkoa izango ote da, gainerakoan, keinu politikoen bidez elkarrizketan oinarritutako bide bat eraiki nahi badugu aurrekari txarra baita".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.