ekonomia

Azpeitiko Azcue altzarigilea ixtea adostu dute zuzendaritzak eta langileek

Hartzekodunen lehiaketan sartu da enpresa azken urteetako zorrak ordaintzeko eta itxieraren aurretiko urrats gisa. Gaur egun 120 langilek dihardute.

xabier martin
2012ko abenduaren 7a
16:06
Entzun

Duela bost urte hasitako gainbehera enpresaren itxierarekin amaitu da. Azcue y Cia Azpeitiko altzarigilea hartzekodunen lehiaketan sartu da, "merkatuaren etengabeko jaitsierak eragindako finantza tentsioei aurre egin ezinda". Enpresa zuzendaritzak eta langile batzordeak batera igorritako ohar batek dioenez, langileen lan kontratuak haustea adostu dute.

Azken urteetan enpresak zor handiak pilatu ditu, eta hartzekodunei hura ordaintzeko lehiaketan sartzea erabaki dute, enpresa ixteko prozesuaren urrats gisa. Gaur egun 120 langilek dihardute Azpeitiko enpresan.

Lan kontratuak maiztasun jakin batez etengo dira bi helbururekin: "Itxiera gauzatu arte jarduera martxan edukitzeko eta langile kaleratuek langabezia sarian galerarik eduki ez dezaten, azken urteetako aldi baterako erregulazio dosierren eragina dela eta".

2011z geroztik Eusko Jaurlaritzak enpresaren akzioen %10 ditu, Ezten arrisku kapital funtsaren bidez sartu zelako. Langileek ere beste %10 dute, urte hartan plan estrategiko berria laguntzeko Azkueko Langileak S. L. sortu zutelako.

Zuzendaritza eta langileak elkarrekin aztertzen ari dira jardueraren zati batekin nola jarraitu; Lan Sozietate Anonimo bat sortzea izan daiteke aukera onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.