ekonomia

Azpeitiko Corrugados enpresak 130 langile kaleratzea aurreikusten du

Iraungitze Txostena aurkeztuko du aurki, kaleratzeak bideratzeko. Sindikatuek kanporatzeak ahal den baldintza onenetan izatea nahi dute. 400 lagun pasak egiten dute lana han.

2011ko urriaren 31
14:49
Entzun

Azpeitiko Corrugados enpresak datozen hilabeteetan 130 langile kaleratzea aurreikusten du, uztarria.com atariak argitaratu duenez. Iraungitze Txostena aurkeztuko du laster, kaleratzeak bideratzeko asmoz, eta aurkezten duenetik aurrera hilabete izango dute langileek eta zuzendaritzak negoziatzeko. Akordiorik lortzen ez baldin bada, hamabost eguneko epean Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioak erabakiko du onartu ala ez. Urte bukaerarako, beraz, horren ondorioak ikusiko dira seguruenik.

400 lagun pasak egiten dute lana Azpeitiko Corrugadosen, eta herriko lantokirik garrantzitsuena da.

Sindikatuko ordezkariek jakinarazi dutenez, kaleratzeak ahal den baldintza onenetan izatea nahi dute. Beharrezkoa ikusten dute datozen urteetarako bideragarritasun plan bat martxan jartzea, bestela enpresa ixtera iritsi litekeela uste dutelako.

Gaur goizean batzarra egin dute langileek zuzendaritzako kideekin, Azpeitian. 300en bat langile izan dira, eta bileraren ondoren manifestazioa egin dute plazaraino. Mobilizazio gehiago egingo dituzte datozen asteetan.

Azpeitiko Corrugadosek zuzendaritzako hiru kide kalera bidali zituen lehengo astean.

Alfonso Gallardo Espainiako enpresa taldearen lantokia da. Iazko abenduan jakin zen CSN Brasilgo enpresak erosi egingo zuela, baina duela hilabete eta erdi bertan behera geratu zen salmenta.

Gallardok 2005ean erosi zion Azpeitiko Corrugados Arcelor taldeari —baita Lasaoko lantokia ere; honek 70 behargin ditu—. Hasieran Uzin Azpeitiko familiarena zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.