«Ugazabak haserretu egiten dira asegaitzak direla esan orduko, baina lan kostuak gero eta apalagoak dira, eta enpresen mozkinak, aldiz, gero eta handiagoak». Horrela aztertu zuen Hego Euskal Herriko egoera ekonomikoa German Kortabarriak, ELAko Komunikazio arduradunak.
Negoziazio kolektiboa jo zuen beharginen lan baldintzak hobetzeko tresnatzat. Izan ere, «euskal ekonomiaren arazoa ez datza langileen aldarrikapenetan, enpresaburuen diru gosean baizik». Datutan laburbildu zuen industriaren bilakaera.Azkeneko hamarkadan, sano jaitsi dira lan kostuak. Ekoizpen balioaren %25 ziren 1993an. Orain, berriz, %17. Prekarietateari eta behin-behinekotasunari egotzi zien lan kostuen beherakada. Kortabarriak, gainera, deitoratu zuen enpresaburuek «lehiakorragoak izateko premia» erabiltzen dutela «euren handinahikeria» mozorrotzeko: «Mozkinek gero eta pisu gehiago daukate industrian; ekoizpen balioaren %8 dira ia-ia». Inflazioaren azpitik hazi dira kostuak, eta «ugazabek inoizko etekinik handienak» pilatu dituzte azken hamar urteetan. Ordea, ekonomiaren pizkundeak ez ditu lan baldintzak «duindu», Kortabarriak gaitzetsi zuenez. ELA, beraz, «gogor» borrokatuko da «aberastasuna hobeto banatzeko».
«Kalitate gutxiko» enplegua
Nahitaezkoa deritzo prekarietatea amaitzeari. Hain zuzen ere, enpleguaren kalitatea izan zuen hizpide Ikerketa Bulegoko kide Julene Gabiolak. Lanpostuen sorrera moteldu egin da urtarriletik hona. «Are okerrago, sinatutako 481.018 kontratuetatik, aldi baterakoak izan dira %91», azaldu zuen.
Gabiola kezkatuta agertu zen Europako Batasuneko 15 herrialde garatuenetan baino askoz handiagoa delako behin-behinekotasuna gurean. 16,5 puntu handiagoa, alegia. Hego Euskal Herrian 923.000 soldatapeko langile zeuden ekaina bukaeran:%29,5 aldi baterako baldintzetan.Gabiolak nabarmendu zuen behin-behinekotasunak gazteei eta emakumeei eragiten diela gehien. Aitzitik, emakumeek bete zituzten lehenengo seihilekoan sortutako enplegu guztiak. Generoen arteko aldea gero eta txikiagoa dela, baina emakumeen langabezia tasa oraindik ere «dezente handiagoa» dela salatu zuen ELAko ikerketa kabineteko arduradunak.Sektorekako azterketa egin zuen Gabiolak. Zerbitzuetan dabil langile gehien: 694.100, %60,5. Industrian eta eraikuntzan, aldiz, %27,4 eta %9, hurrenez hurren. Beharginen %2,7besterik ez dabiltza arrantzan eta nekazaritzan.Bestalde, lan istripuen inguruko datuak eman zituen ELAk atzo. Iaz 67.657 langilek hartu zuten gaixo-aldia Araba, Gipuzkoa Bizkaia eta Nafarroan. 902 langilek jasan zuten istripu larriren bat edo hil ziren beharrean. 2002an baino 200 langile gehiagok, hain zuzen.
AZTERKETA EKONOMIKOA. «Lan kostuak jaitsi eta ugazaben irabaziak igo dira», salatu du ELAk
Enpresaburuek «lehiakorragoak izateko premia» erabiltzen dute «euren asmo handinahiak mozorrotzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu