Ikerketa

Azti-Tecnaliako bi lantokitan lan ituna adostu dute

Fundazioak eta langileen ordezkariek 2021. urtera bitarteko baldintzak hitzartu dituzte Sukarrietako egoitza nagusian eta Derion. Pasaiako lantokian oraindik ez da akordiorik lortu.

Aratxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua, eta atzean Bittor Oroz nekazaritza sailburuorde eta Azti-Tecnaliako patronatuko presidentea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko abenduaren 18a
15:38
Entzun

Azti-Tecnalia fundazioko lan baldintzei buruz azalpenak eman ditu gaur goizean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak. Eusko Legebiltzarrean izan da Tapia, EH Bilduko legebiltzarkide Eva Lopez de Arroiabek egindako agerraldi eskaerari erantzuteko.

Tapiak azpimarratu du fundazio pribatua dela Azti-Tecnalia, eta, hori dela eta, ez dela Eusko Jaurlaritzaren eskumen zuzena langileekin negoziatzea. Fundazioa kudeatzen duen patronatuak hamazortzi kide ditu, eta bost izendatzen ditu gobernuak. Gaur egun, hala ere, Bittor Oroz Nekazaritza sailburuordea da patronatuko presidentea. Tapiak azaldu du baimena eskatu diotela patronatuari negoziazioan zer gertatu den azaltzeko; hori lortuta, legebiltzarrean hainbat datu eskaini ditu, eta jakinarazi du azken asteotan akordioa lortu dela fundazioa osatzen duten hiru lantokietatik bitan.

2015. urtean amaitu zen Azti-Tecnaliako lan itunaren iraunaldia. Harrezkero negoziatzen aritu dira zuzendaritza eta langileen ordezkariak. Fundazioak hiru lantegi ditu, eta, bakoitzak bere batzordea duen arren, mahai bakarra eratu zuten hasieran. 2016tik aurtengo erdialdera hainbat negoziazio saio egon ziren, eta Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritza eskatu zen. LHK-k uztailean proposamen bat egin zuen. Ez zen aurrera atera. Patronatuak egoki ikusi zuen, baina ez sindikatuek.

Bitartekaritzaren bidea agortuta, irailean berriro hasi ziren hartu-emanak. Urrian ELAk negoziazio mahaia bertan behera uztea erabaki zuen, eta greba deialdi bat ere egon zen azaroaren hasieran. Orduan negoziazioaren eskema aldatzea erabaki zuen patronatuak. Mahai bakarra alde batera utzi, eta lantoki bakoitzean negoziatzeari ekin zion.

Sukarrietan eta Derion akordioa berdina da. 2016 eta 2021 bitarteko epea hartuko du. 2016an ez da soldata hazkunderik izango. 2017an eta 2018an aurreko urteko inflazioa adina igoko dira soldatak. 2019tik 2021era, berriz, inflazioa igoko da, baina igoera hori egonkortuko da edo ez fundazioaren egoera ekonomikoaren arabera. Horrekin batera, lan erreforma baliatuta baldintzak ez aldatzeko konpromisoa hartzea eta ultraaktibitateari eustea aurreikusita dago.

Tapiak langileen ordezkaritzarekin lotu ditu akordioak. Derioko batzordean independenteek dute gehiengoa, eta lehen ituna han lortu zen, azaroaren 28an. Sukarrietan LAB da lehen indarra, eta joan den egunotan itxi da ituna. Pasaian ELAk du gehiengoa, eta, momentuz, lantegi horretan negoziazioak irekita segitzen du. "Langileen %68k akordioa sinatu dute", zehaztu du Tapiak. Sailburuak zuzenean esan ez duena aipatu du Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak: "Ez gaitu harritzen akordioa ez duen zentro bakarra izatea ELAren gehiengoa duena".

Oposizoko alderdi guztiek nabarmendu dute Azti-Tecnaliaren kudeaketa pribatua den arren Eusko Jaurlaritzak baduela horretan eragiteko modua. Jatorri publikoa du fundazioak, eta finantzaketa emaile nagusia da gobernua, besteak beste.

Azti-Tecnalia fundazioak lehen sektorean egiten du lan, bereziki arrantza eta elikagai arloko ikerkuntzan. Patronatuan, Jaurlaritzarekin batera, esparru pribatuko enpresak daude ordezkatuta. Eroski, Iparlat, Udapak eta arrantza kofradiek parte hartzen dute. Gaur egun, 240 langile ditu, eta joan den urtean ia hemeretzi milioi euroren diru sarrerak izan zituen.

Agerraldia egin den bitartean, LAB sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin dute legebiltzararren kanpoaldean, I+G ikerketa zentroetako langileentzako "hitzarmen duinak" eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.