Garai hartan galdaren eta hoditeriaren soldatze lanetan ibili zen langilea. Lan hori egiteko, «amianto geruzak kendu behar zituen, eta, horretarako, amianto kapak erabiltzen zituen, berotik eta soldatzeak sortutako txinpartetatik babesteko». Pleurako minbiziaz gain, amiantoaren erabilera beste hainbat gaixotasunekin lotuta dago.
Azken kasu honetaz gain, gaitza harrapatu eta hil diren gehiago ere izan dira Babcock Wilcoxen lantegian. J. H.V. ere urte askoan aritu zen lanean enpresa horretan, eta azaroan hil zen, 69 urte zituela. Bera ere mineral horren erabilerarekin lotutako gaixotasun baten ondorioz hil zen.
J. H.V.k bezalaxe, Jose Maria Lopez Estebanek ere enpresa horretan lan egin zuen, 1974tik 1992ra. Eta bera ere amiantoarekin lotutako asbestosiak jota hil zen. Familiak orduan auzitegietara jo zuen. Azkenean, Babcockek langileari eta haren senideei kalte-ordaina ordaindu behar izan zien, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz. Langileei amianto mineralak eragiten dituen kalteen berri ez ematea eta haren aurkako segurtasun neurririk ez hartzea izan ziren arrazoi nagusiak. 1996tik debekatuta dago amiantoa Ipar Euskal Herrian, eta 2002tik Hego Euskal Herrian.
Kasu gehiago
Azken hilabeteetan amiantoarekin lotutako kasuak ugaritzen ari dira. CAFekoa izan da azkenetakoa. Bertako langile batzordeak salatu duenez, 45 langile hil dira mineral horrekin bagoiak isolatzeagatik, eta horietatik 13, Beasainen. Hain zuzen, joan den astean bertan Amiantoarenei eskultura inauguratu zuten herri horretan, biktimen omenez.
Amiantoa egun debekatuta dagoen arren, erabili eta urteetara nabaritzen dira eragindako kalteak. Horregatik, datozen urteetan kutsatutako langileen kopuru handituz joango dela uste du Asviamiek. Sindikatuek eginiko aurreikuspenen arabera, 8.000- 10.000 langile inguru hilko dira Euskal Herrian material hori erabiltzeagatik.
Amiantoa zuntz mineral talde batek osatutako materiala da. Isolatzailea da, eta tenperatura altuak jasaten ditu. Horregatik, asko erabili zen siderurgian, ontzigintzan eta beste hainbat sektoretan, batez ere 1960ko eta 1970eko hamarkadetan.