ekonomia

Babcockeko langileen "amorrua"

Erretiro aurreratua hartu zuten 258 behargin lanera itzuliko dira, eta gaur batzartu dira Trapagarango enpresako zuzendaritzarekin. Hark esan du Auzitegi Gorenaren epaia bete egingo duela eta lantokian hartuko dituela. Baina aurki langabezian geratuko dira.

Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko apirilaren 1a
15:31
Entzun

Esan zuen ELAko kide batek atzo, eta halaxe da: Babcock Powers Trapagarango enpresako egoera "kafkarra" da. Izan ere, 2004an erretiro aurreratua hartu zuten 258 langile lanera itzuliko dira —Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz—; haiek gaur joan dira lantokira zuzendaritzarekin batzartzera, eta enpresak jakinarazi die epaia bete eta gizarte segurantzan alta emango diela, baina aurki langabezian geratuko dira.

Beharginek Gorenaren erabakia "espero" zuten, haietako batzuek gaur BERRIA.INFOri esan diotenez, eta "amorratuta" daude egoerarekin. Manuel Pelado UGT sindikatuko ordezkariak azaldu du ez dela "normala" langileak Babcockera itzuli behar izatea, "enpresa ixteko zorian baitago". Irailaren 30ean itxi behar dute, eta, orain, gaur egun langile taldean dauden 364 beharginei erretiro aurreratua hartu zutenak gehituko zaizkie. 

Luis Aguilera da 258 langile haietako bat. "Bihar laneko buzoa jantzi behar badut, jantziko dut, eta goizeko seietan etorriko naiz beharrera. Baina ez dugu gustukoa egoera. Ni neu 14 urte nituela hasi nintzen hemen lanean, eta 52 urterekin etxera joan behar izan nuen, oso haserre; erregulazio espedientearekin ez nengoen ados".

Sindikatuek oraindik ez dakite lanera itzuliko diren langile ohien egoera zertan geratuko den. Izan ere, 258 horietatik asko aspaldi joan ziren garai hartako euren bizilekutik, eta enpresarekin ez zeukaten inongo harremanik. Lanera deitutakoen artean 65 urtetik gorako 60 bat lagun daude, baita bi hildako ere.

2004ko erregulazio dosierra urte hartan hasitako pribatizazio prozesuaren ondorioz prestatu zen, eta Eusko Jaurlaritza aurka azaldu zen arren, Espainiako Lan Zuzendaritza Nagusiak alde egin zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.