Ekonomia

Babes handia jaso dute Laborantza Ganberak eta Berhokoirigoinek Baionako Auzitegi atarian

Epaiketa urtarrilaren 29ra atzeratzea erabaki dute gaur auziko lehen saioan, defentsak prestatzeko denbora izan dezan. Paueko Laborantza Ganbera parte zibila izango da Euskal Herrikoaren aurka. Zehazki, Mixel Berhokoirigoin erakundeko lehendakaria epaituko dute, eta urtebete espetxe zigorra eta 15.000 euroko isuna jasotzeko arriskua du. Horrez gain, Lanborantza Ganbera 5 urtez edo gehiagoz ixteko agindua eman dezakete.

2008ko irailaren 18a
18:18
Entzun
300 bat lagun bildu dira Baionako Auzitegiaren atarian auzitara eraman dituzten Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakariari eta Laborantza Ganbera berari sustengua adierazteko. Izan ere, erakunde horrek Frantziako Estatuari dagozkion eskumenak bere gain hartu dituela iritzita Laborantza Ganberaren kontrako auzia abiatu du Pirinio Atlantikoetako prefetak.

Zehazki, Berhokoirigoin egiturako lehendakaria eraman dute epaitegira. Urtebeteko zigorra eta 15.000 euroko isuna jasotzeko arriskua du.Baina auzia ez da horretara mugatuko: areago, Laborantza Ganbera bera jarriko du zalantzan, 5 urtez edo gehiagoz egitura hori ixteko agindu baitezakete.

Gaur arratsaldeko lehen orduan igaro da auziko lehen saioa Baionako epaitegian. Berhokoirigoin defentsako abokatuek lagunduta agertu da epaimahaiaren aurrean, eta epaiketa atzeratzeko eskatu dute, defentsa prestatzeko astia behar dutela argudiatuta. Epaimahaiak onartu egin du eskaera, eta urtarrilaren 29ra atzeratu. Halaber, auziko lehen saio horretan jakin da Paueko Laborantza Ganbera -Frantziako Estatuaren araberako egitura ofiziala- parte zibila, hots, akusazioa, izango dela auzian.

Esan bezala, kanpoan 300 bat lagun batu dira elkartasuna adierazteko. Haien artean ziren ELB eta EHNE nekazari sindikatuetako buruzagiak, ELA eta LABekoak, eta PSko eta alderdi abertzaleetako hautetsiak. Laborantza Ganberaren premia azpimarratzen zuen hitzaldia egin du guztien aitzinean Berhokoirigoinek auzitegira sartu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.