Frantziako Gobernuak parlamentura igorritako lan erreformaren kontrako greba orokorrera deitu dute sindikatuek gaurko Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta manifestazioa egin dute Baionan. Lan merkatua malgutzea da Enplegu ministroaren abizenaz bataiatutako erreformaren xedea. Legearen aurkarien ustez, langileen eskubideak bortxatuko lituzke erreformak indarrean sartuz gero.
Miarritzeko aireportuan, hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte grebaren eraginez; besteak beste, Parisera 11:05ean eta 21:20an zihoazenak, 11:45ean Estrasburgora joatekoa zena, 13:00ean Dublinera joatekoa zena eta 17:30ean Londresera bidean aireratzekoa zena. Garraio publikoan izan du eragin handiena greba deialdiak.
Martxo hasieran ere egin zituzten protestak lan kodearen erreformaren aurka, eta manifestazio jendetsua egin zuten orduan Baionan. Joan den astean, Frantziako Gobernuak parlamentura igorri zuen erreforma; "erreforma azkarra, ausarta eta beharrezkoa da", esan zuen Manuel Valls lehen ministroak, eta ziurtatu zuen bere helburua langabezia masiboa borrokatzea dela, "luzaroan horretara ohitu gara eta". Indarrean jarriz gero, lan kode berrituak enpresa barruko akordioak bultzatuko ditu sektorekoen gainetik. "Elkarrizketa sozialari leku garrantzitsuagoa eman behar zaio, borrokaren kulturaren ordez konpromisora eta negoziaziora igarotzeko".
Erreforma motz geratu dela diotenak ere badaude, batez ere gobernuak zenbait aldaketa egin dizkiolako hasieran zuen proiektuari. Horrela, legeak ezingo ditu kaleratzeengatik gehienezko kalte-ordainak inposatu —aholkatu baizik ez—, eta enpresek ezingo dute lanaldia moldatu langileen ordezkarien akordiorik gabe. "Legea desitxuratuta" geratu dela uste du Medef patronalak, eta kritika gogorrak egin dizkio oposizioko alderdi nagusiak, Nicolas Sarkozyren Errepublikanoak (LR).
Aldaketa horiei esker, ordea, Frantziako Gobernuak sindikatu erreformisten babesa eskuratu du, CFDT buru dutela. Parlamentuko eztabaidan beste zenbait puntu aldatuko direla espero dute sindikatu horiek.