Babestutako alokairua eskainiko die Jaurlaritzak etxea ordaindu ezin dutenei

Etxebizitza sustatzaileek 27.000 euroko laguntza jasoko dute etxea bost urtez alokatzearen truke

Erredakzioa
2009ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hipoteka ordaintzearekin itota dauden herritarrek arnasa pixka bat hartu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi dituen neurriekin. Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak aurreratu duenez, Jaurlaritzak babestutako alokairua eskainiko die egoera horretan daudenpertsonei.

Planak bi adar izango ditu: batetik, etxebizitza sustatzaileei 27.000 euroko laguntza emango die. Erabat eraikita baina saldu gabe dagoen etxebizitza bost urtez alokatzearen truke jasoko dute laguntza hori. Kasu honetan, hipoteka ezin ordaindutaetxerik gabe geratu direnek izango dute babestutako alokairua edukitzeko aukera.

Bigarrenak, berriz, langabeei eragingo die. Horren arabera, lana galdu eta ondorioz hipoteka ordaindu ezin dutenek babestutako alokairua izango dute, oraingo honetan Bizigune programaren barruan. Azken horrek ere, alokairua bost urtera mugatuta edukiko du.

Krisiaren kontrako aurreko etxebizitza planari buruz galdegin diotenean ezagutarazi du plana Arriolak. Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkideak egin dio galdera. Horren aurretik, Javier Madrazo (EB) zen sail horretako arduradun nagusia, eta horrek etxebizitza alorrean krisiaren kontra martxan jarritako neurriak atzera botatzea egotzi dio Aranak Jaurlaritza berriari. Madrazoren planaren bidez, ordaindu ezin zen etxebizitza (babestutakoa edo askea) Jaurlaritzari saldu ahal zitzaion. Jaurlaritzak, orduan, etxea berriz erosi, eta jabe ohiei alokatzen zien.

Arriolak gogoratu du plan hori kaleratzeko espedienteek kaltea ekarri dietenentzat zela soilik, eta berak proposatutakoak, berriz, «ezustean lanik gabe geratu diren pertsona guztiei» eragingo diela. Bestalde, babestutako alokairua eduki ahal izateko, 22.000 euro baino diru sarrera txikiagoa izatea, eta hipotekaren %20 ordainduta izatea eskatzen zela esan du.

Hori kontuan izanda, Madrazoren neurria atzera botatzeak«inori» ez diola kalterik eragin azaldu du, maiatzera bitartean 30 espediente aurkeztu, eta bost bakarrik onartu zirelako.

Hurrengo, bost urte pasatu ondoren pertsona horiekin zer gertatuko den galdegin dio Aranak. Arriolak, berriz, garrantzitsuena «estalpea bermatzea» dela erantzun du, eta bost urte barru egoera ekonomikoa «agian hobea» izango dela, eta horrelako neurriak martxan jarri beharrik ez dela izango gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.