Espainiako Gobernuak ez du nahi inork 65 urte izan baino lehen erretiroa hartzea, eta gaurko ministro kontseiluan hainbat erabaki hartu ditu. Fatima Bañez ministroak ondorengo agerraldian esan duenez, erretiroa hartzeko legezko adina 65 urtekoa izan arren, "errealitatean" ez da 64 urtera iristen (63,9).
"Pentsioen erreformaren helburu nagusia da erretiratzeko benetako adina eta erretiratzeko legezko adina bat etortzea”. Hori eskatuko dio Europako Batasunak Espainiari, Bañezen esanetan. EBk Espainian erretiro adina 67 urtera luzatzea oraingoz ez galdegitearen truke hartutako konpromisoa da erretiro adin erreala 65 urteko legezko adinera eramatea. 67ko mugak 2027. urterako finakturik jarraituko luke modu horretan.
Horregatik, erretiroa aldez aurretik hartzea zaildu du gobernuak lege dekretu baten bidez. Gainera, borondatezko erretiroa hartzeko adina bi urtez atzeratuko da, 63tik 65era, 2027. urtera bitartean, urtarrilaren 1etik indarrean den pentsioen erreformarekin bat eginez —67 urtera atzeratu zuen erretiroa—. Gutxieneko kotizazioa 33 urtekoa izango da erretiroa hartu ahal izateko. Elbarritasuna dutenek 25 urte kotizatu beharko dute gutxienez. Luzapen hori ”koherentea” da, Fatima Bañezen ustez.
Kutxa, bermaturik
Pentsioen kutxa galtzeko arriskua ez dagoela argi utzi nahi izan du ministroak, pentsiodunen eta langileen beldurrak uxatu nahian. ”Gizarte Segurantza iraunkorra da, baina esku hartu behar dugu horrela izaten jarrai dezan”. Baina krisi garaia hasi zenetik Espainiako Gizarte Segurantzak 3,5 milioi kotizatzaile galdu ditu, eta sistemak. ”aldaketak" behar ditu, "normaltasunez”, Bañezen hitzetan.
Aldaketa horiek 5.000 milioi eurotako aurrezpena ahalbidetuko duela esan du ministro espainiarrak, 2.400 milioi erretiro partzialetan eta beste 2.000 milioi aldez aurretiko erretiroetan. 2027. urte artean lortuko da aurrezpen hori, besteak beste, ”kotizazio sozialek soilik pentsio kontributiboak pagatuko dituztelako". Beste pentsioak, ez kontributiboak, zergen bidez ordainduko dira.
"Zenbaki demografikoei egokitzen” ari dira gizarte segurantzaren sistema orain egiten ari diren aldaketen bidez. Baina PPko gobernuarentzat kutxak osasunez jarraitzeko berme handiena langileek legezko adinean jubilatzea izango da. ”Legezko adinean hartu behar du erretiroa jendeak, ez lehenago. Koherenteak izan behar dugu, eta koherente egin behar dugu sistema”.
Pentsioa eta lana batera
Halaber, pentsioa eta lana uztartu ahal izateko bidea zabaldu du Gobernuak, ”Europan egiten duten bezala”. "Pentsiodun aktiboa" deitu dio aukera horri Bañezek. Orain arte soilik lanaldi murriztua zutenek eta gutxieneko soldataren azpitik kobratzen zuten autonomoek egin zezaketen. Aurrerantzean gehiagok izango dute baimena, beti ere pentsioaren %50 jasoz, ez gehiago. Lan kontratua amaitzen denean %100 jasotzen hasiko da pentsioduna.
Izan ere, adin gehiago duten langileek lanean segitzea nahi du Espainiako Gobernuak, erretiroa atzeratzea ahal den neurrian. ”Goizegi” jubilatzeak kutxari eragiten dizkion arazoekin bukatu nahi dute, eta adinduen "jakinduria" aprobetxatu enpresetan.
Era berean, lan erregulazio dosierren bidez 50 urtetik gorako langileak kaleratu nahi dituzten enpresek zailago izango dute hori egitea. 100 edo langile gehiago dituen enpresa batek, langileen %10 50 urtetik gorakoak baditu, kaleratzeak egitean ehuneko horiek errespetatu beharko ditu, Gobernuak hala galdegingo diolako. Kaleratzea egin aurreko urtetik kaleratzearen ondorengo lau urte artean, bi urte irabaziekin badaude, 50 urtetik gorako kaleratuaren langabezia saria ordaindu beharko du enpresak.
Subsidioa, urrutigo
55 urtetik gorakoek subsidioa kobratzea zailago izango dute, bestalde. Kobratzen duenaren errentak bakarrik ez, administrazioak familia osoarenak hartuko ditu kontuan subsidioa onartzeko edo ez. Familia osoaren errenta gutxieneko soldataren %75a gainditzen ez duenean onartuko zaio subsidioa 55 urtetik gorakoari.
Gobernuak Gizarte Segurantzaren etorkizuna bermatzeko, adituen batzorde bat eratuko du Toledoko Itunari txostena igortzeko, etorkizunean nola jokatu behar den jakiteko. PPk onartu berri duen pentsioen erreforma ez du jotzen Gobernuak "alde bakarreko erabakia", beste alderdiekin eta gizarte eragileekin izandako eztabaida "aberats" baten ondorioa dela uste duelako.