Bahisariarena

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bere igoeren gatibu zegoen Ibex-35 (-%1,56) azken egunotan eta atzo bahisaria ordaintzea egokitu zitzaion. 12.000 puntuz behera abiatu zen berriro ere, txerritxo ehiztariek piratarena egiten jardun ote duten susmopean. Kantauri aldeko antxoa bezala daude hainbat enpresa txiki eta ertain Espainian; hortaz, nekez espero liteke Ibex-35eko tropelekoen mozkin berri handirik, dolarraren ahultzeak atzerritik euro gutxiago irabaztea eragiten dien honetan. Interes tasa baxuen sare pelajikoak ere, epe laburreko etekina lagun dezake, baina luzera arazo latzagoa eragin; burbuilak edota inflazioa. Eta EBZk ez ditu interes tasak Espainiako ekonomiaren arabera mugituko: 2011rako OCDEk BPGaren hazkunde baxuena Espainiari aurrikusten dio, %0,9koa baino ez. 2.049 milioiren salerosketarekin, %2,09 galdu zuen BBVAk, %1,3na Santander eta Edurnezuri erraldoiek eta %3nakoak gainditu zituzten Mapfre, OHL, Sacyr, Cintra eta Ferrovialek.



Banestok (+%0,06) %40ra arteko beherapenarekin eskaintzen omen ditu bere gain hartu dituen zenbait etxebizitza. Aguirre Newman higiezinen enpresako buruak ere mehatxupean ikusten ditu Espainiako finantza erakundeak pilatutako etxeon ondorioz.



Repsolek (-%1,65) mozkina erdira jaitsi eta dibidendua %20 baino ez du murriztu, bere akziodun nagusien presiopean. Citibankeko analisten ustez, ordea, dibidendua gehiago murriztea hobe izango luke petrolio enpresak, inbertsio planari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.