Zorraren krisia. Grezia

Bai, baina ez da nahikoa

Bigarren erreskatea ziurtatu nahi badu, aurten beste 325 milioi aurrezteko neurriak prestatu beharko ditu Greziak biharkoAlderdiek idatziz adierazi beharko dute murrizketekin aurrera egiteko konpromisoa

2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Tentsioa baretu da, baina ez da desagertu. Hamaikagarren neurritasun plana onartzeak, bigarren erreskatearen ateetan jarri du Grezia. Baina oraindik ez du laguntza ziurtatzerik lortu. Atenasko parlamentuak igande iluntzean hartutako erabakia txalotu egin du Europak. «Herrialdeak eutsi ezinezko finantza publikoen gurpil horretatik irten nahi duela erakusten du», nabarmendu zuen Olli Rehn Europako ekonomia gaietarako komisarioak atzo. Antzeko adierazpenak egin zituen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere. «Ez dira murrizketa soilak, egiturazko erreformak dira», nabarmendu zuen. Greziarren gehiengoaren iritziaren kontra, baina, ukatu egin zuen gehiegizkoak direnik. «Kontua ez da aurreztea bakarrik, herrialdearen baldintza ekonomikoak hobetu egin behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da erreforma sakonak egitea». Hala ere, biek ohartarazi zuten parlamentuaren baiezkoa ez dela nahikoa.

Greziak 130.000 milioi euroko mailegua jasoko badu, etxeko lanak egiten jarraitu beharko du, eta orain arte baino azkartasun handiagoz. Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak —troika osatzen dute— beste bi lan ere agindu baitzizkioten: bata, aurten beste 325 milioi euro aurrezteko modua topatzea; bestea, orain arte onartu dituen murrizketa neurri guztiak betetzeko konpromisoa idatziz adieraztea.

Bihar arteko epea du horretarako, euroguneko finantza ministroen bilerara artekoa. Etxeko lanak garaiz egiten ez baditu, ez du finantza laguntzarik jasoko. Halaxe gogorarazi zion Philipp Roesler Alemaniako Ekonomia ministroak atzo: «Murrizketa neurriak onartzea ezinbesteko baldintza zen, baina erabakigarria onartutako erreformak indarrean jartzea izango da».

Igandean parlamentuak onartutako neurri sortak murrizketa gogorrak jasotzen ditu: gutxieneko soldata %22 jaistea, urtea bukatzerako 15.000 funtzionario kaleratzea eta gastu publikora 3.300 milioi euro gutxiago bideratzea, besteak beste. Baina defizitari jarritako muga errespetatuko badu, neurri gehiago hartu beharko ditu, troikaren arabera, beste 325 milioi euro aurrezteko bidea emango diotenak. Pentsioak are gehiago murriztea zen aukeretako bat —hilean 1.000 eurotik gorako ordainak %15 inguru—, baina alderdiek atzera bota zuten. Orain, zenbait iturrik diote Defentsa Ministerioaren aurrekontutik atera dezakeela diru hori.

Konpromisoa, idatziz

Baina neurriak onartze hutsa ez da nahikoa Europarentzat. Neurri horiek indarrean jarriko dituen ziurtasuna behar du. Horregatik, neurri guztiak lege bihurtzeko eta atzera bueltarik gabekoak direla idatziz jasotzeko agindu dio Atenasi, batez ere, apirileko hauteskunde aurreratuak irabazten dituenak bestelakorik egiteko tentaziorik izan ez dezan. «Alderdi politikoetatik haratago doazen gauzak direlako eta tamaina honetako programa batek adostasun politiko indartsua behar duelako», Amadeu Altafaj Europako Batzordeko ekonomia gaietako bozeramailearen hitzetan. Konpromiso hori alderdi politiko guztiek hartu beharko dute, biharko. «Eurotaldea —euroguneko finantza ministroen taldea— oso argia izan da hori eskatzean, alderdi guztien konpromiso argia eta nahastezina behar du, baita Samarasena ere».

Antonis Samaras Nea Demokratia alderdi kontserbadoreko burua da, inkesta guztien arabera, datozen hauteskundeak irabazteko faborito argia: Greziako hurrengo lehen ministroa. Beraz, hark orain arte onartutako neurriak babestuko dituela jakitea ezinbestekoa da Bruselarentzat. Oraingoz, baietz dirudi, lehen ministro kargura iristean murrizketekin aurrera egiteko intentzioa duela. Behintzat, hori ondoriozta daiteke azken egunotan egin dituen adierazpenetatik. Gogor defendatu ditu bigarren erreskatearen truke hitzartutako neurriek. Haien kontra bozkatu duten alderdikideak alderditik bota ditu eta parlamentuko bozketan abstenitu zirenei datozen hauteskundeetako zerrendetan joatea galarazi die. Financial Times egunkari britainiarraren arabera, baina, hauteskundeen ostean bigarren erreskatearen baldintzak berriz negoziatzeko asmoa daukala adierazi du Nea Demokratiako liderrak.

Koalizioko gobernua osatzen duten alderdiek Bruselak jarritako etxeko lanak egiteko ahaleginetan igaro zuten eguna. Kale garbitzaileek eta suhiltzaileek, ostera, nahikoa lan izan zuten igandeko istilu larriek hiriburuko kale eta eraikinetan utzitako arrastoak ezabatzen.

Herenegun, azken hiru urteetako istilurik gogorrenak izan ziren Atenasen —2008an Poliziak 15 urteko gazte bat tirokatu zuelako sortu ziren—. Parlamentuaren ataria murrizketen kontrako manifestarien eta polizien arteko gudu zelai bilakatu zen, beste behin. Borrokaldietan, Poliziak 150 lagunetik gora atxilotu zituen, eta osasun zerbitzuetako langileek ehun bat zauritu artatu behar izan zituzten.

Baina ez hori bakarrik. Atzo ongi ikus zitekeen moduan, hiriburuko kaleetan egindako txikizioa sekulakoa izan zen. Manifestari haserretuek 150 bat denda arpilatu zituzten eta beste 50 bat eraikini su eman zieten. Kafetegi, denda eta finantza erakundeen bulegoak irentsi zituzten sugarrek. Baita dozena bat eraikin historiko ere. Haien artean Attikon zinema, 1881eko eraikin neoklasikoa. Erabat kiskalita geratu da.

ASTY zinemak zorte hobea izan du, suak kalte txikiagoak eragin baitizkio. Gestapok II. Mundu Gerrak tortura ganbera gisa erabiltzen zuen eraikin hori. Horregatik eraso egin zioten manifestariek, murrizketak Alemaniaren presioen ondorio direla sentitzen dutelako.

Atzo eguerdian, artean, zenbait eraikinetako garrak itzali nahian jarraitzen zuten suhiltzaileek.

Poliziek beren esku zegoen guztia egin zutela adierazi zuen atzo Athanasios Kokkalakis Atenasko Poliziako bozeramaileak. «Ezin dugu esan egindakoz harro gaudenik, baina geure esku zegoen guztia egin genuen». Georgios Kaminis Atenasko alkateak eta Lukas Papademos Greziako lehen ministroak ere gogor gaitzetsi zuten gertutakoa. Baita Olli Rehnek ere. «Pertsona horiek ez dute beren herrialdeagatik kezkatuta dauden greziarren gehiengoa ordezkatzen», adierazi zuen. Inkesten arabera, baina, hamar greziarretik zortzi troikak agindutako murrizketen kontra daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.