Hauteskunde sindikalak dira gaur, Ipar Euskal Herrian. Sei urtetik behin Prud'Hommes izeneko Lan Auzitegiko hauteskundeak egiten dira, eta gaur da auzitegi horretako kontseilari berriak hautatzeko eguna. Auzitegi horrek langile baten eta nagusi baten arteko gatazkak epaitzen ditu, eta epaileak nagusien eta langileen ordezkariak izaten dira. Langileek beren ordezkariak hautatu behar dituzte, batetik, eta nagusiek berenak, bestetik. Bakoitzak ordezkari kopuru bera dauka Lan Auzitegian.
Nagusiek zerrenda bakarraren artean dute hautua, patronalaren erakundeek zerrenda komuna osatu baitute: Enpresaburuen Eskubideetarako Batasuna. Zortzi sindikatu aurkezten dira, aldiz, langileen ordezkaritzarako: FO, LAB, CFDT, CFE-CGC, CGT, UNSA, CFTC eta Solidaires. Azken hau bi kolegiotan baizik ez da aurkezten: merkataritzan eta orotariko aktibitateetan. Zortzi sindikatu horietatik CFDT, CGT, FO eta LAB dira ordezkariak dituzten bakarrak, ordea. Ordezkari kopurua lortutako boz kopuruaren arabera finkatzen da, baina kolegio gehienetan oso aulki gutxi dagoenez, sindikatu nagusiak baizik ez dira gelditzen kontseilari karguekin.
Bost kolegio
Lan Auzitegian bost kolegio daude: industria, merkataritza, laborantza, orotariko aktibitateak eta arduradunak. Merkataritza da kolegio handiena, orotara hemezortzi kontseilarirekin. Industriak hamar kontseilari ditu, laborantzak sei eta beste biek zortzina. Baionan, 50 kontseilari daude orotara, eta txandaka aztertzen dituzte auziak. Kolegio bakoitzak dagokion lan sektoreko auziak aztertzen ditu. Adibidez, industria aktibitatean ari den langile batek bere nagusiarekin arazo bat baldin badauka, salaketa Lan Auzitegian aurkeztu ondoan, industriako kolegioak hartuko du auzia bere gain.
Sindikatuek garrantzia handia ematen diote Lan Auzitegi horri, langileak eta nagusiak direlako auziak epaitzen dituztenak, eta ez epaile profesionalak, Europako beste toki gehienetan bezala. 1848tik hona dago indarrean auzitegi mota hori, baina XI. mendean ditu erroak.
Lantegiko errealitatearenganako hurbiltasunaren izenean, langileentzat auzitegi mota hori hobea dela argudiatzen dute sindikatuek. Horrez gain, sindikatuek langilearen defentsa lana egiteko laguntza ere ematen dute. Bestalde, Lan Auzitegian lortzen duten esperientzia sindikatuarentzat berarentzat ere onuragarria dela argi dute sindikatu guztiek.
Horrek gastu bat badu Frantziako Estatuarentzat. Lan Auzitegiko kontseilari hautatuak diren langileek hainbat ordu pasatzen dute hilabetean, auzia aztertzen eta epaiketa egiten. Lanetik kanpo iragandako denbora horri dagokion soldata zatia gibelera itzultzen dio Estatuak langilearen enpresari.
Ez da errana, epaile profesionalen esku utziz gastu gutxiago litzatekeela, baina sindikatuen betiko beldurra da Estatuaren gogoa Lan Auzitegi hori kendu eta auzi horiek epaile profesional baten esku uztea dela.
Duela sei urteko hauteskundeetako parte-hartze oso apalak horretara bultza ditzakeela beldur dira sindikatuak, aurten berriz ere hain parte-hartze apala izanez gero. 2002an, parte hartzea %30aren inguruan ibili zen. Horregatik, aurten, bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratu dute denek.
Sindikatuek nagusi batzuen bizkar ezartzen dute langileek ez bozkatzea. Langileak bozkatzera joatearen beldur direla edo nagusiak erraten duela auzitegi horrek ez duela ezertarako balio eta ez dituela langileak bozkatzera joaten uzten salatzen dute sindikatuek. Langileen eskubidea da, ordea, gaurko egunez, laneko artetik bozkatzera joan ahal izatea. Nagusiek ezin dute hori debekatu. Baina hori gerta daitekeela edota langileak ez direla ausartuko pentsatuz, aurten postaz bozkatzeko aukera izan da.
ozkatzeko azken aukera
Postaz bozkatzeko epea bukatua da; beraz hala egin ez dutenek, beren hauteskunde bulegora joan beharko dute, gaur, bozkatzera. Bakoitzak bere laneko tokitik hurbilen duen hauteskunde bulegoan bozkatuko du. 16 urtez gorako langile guzti-guztiek dute bozkatzeko eskubidea, Frantziako hiritartasuna ukan ala ez, lan kontratu bat baldin badute. Langabezian direnek edo etxetik lan egiten dutenek beren etxetik hurbil dagoen bulego batean bozkatu ahal dute. 18:00etan itxiko dira bozka bulegoak.
Bozka bulegoak itxi bezain laster hasiko dira kontaketak, eta ondoko orduetan jakinen dira emaitzak. Emaitza ofizialak, aldiz, bihar goizean jakinaraziko ditu Paueko prefekturak.
2009ko urte hasieran hartuko dute kargua kontseilari berriek. Ofizialki, Lan Auzitegiko biltzar nagusia eginen denean bihurtuko dira kontseilari, baina, ontsalaz, urtarril hasieratik bertatik hasiko dira auziak epaitzen. Hainbat auzi atzeratzen ari da, hauteskundeak direla-eta, azken asteetan ez delako auzirik epaitu, urgentziazko auziak salbu. Lan Auzitegiak bere ohiko martxa hartuko du urte hasierarekin batera, beste sei urterako.
Lan harremanak
Baionako Lan Auzitegirako hauteskundeak dira gaur
Langile eta nagusi guztiak bozkatzera deituak dira. Zortzi sindikaturen artean hautatuko dute langileek, eta nagusiek hautu bakarra dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu