Baionako portua eta Hendaiako gune industriala blokeatu dituzte

Nahiz administrazioak mehatxatu eta zigortu, Ikasi eta Irauliko gazteek protestan segitzeko gogoa dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Erretreten erreformari buruzko desadostasuna entzunarazteko asmoz, ekonomiaren blokeoaren hautua egiten ari dira geroz eta gehiago. Atzokoan ere Lapurdiko hainbat xokotan sentitu ziren blokeoak. Baiona eta Bokale (Lapurdi) arteko portua guztiz hetsia gelditu zen zazpi orenez. 250 bat lagun portuaren alde bakoitzean jarri eta bi bide nagusiak oztopatu zituzten, portuko langileak pasatzera ez utziz. Goizeko zortzietan hasi eta arratsalde erditsua arte egon ziren bertan. Auto ilara luzeak eragin zituen protestak, blokeoa Tarnose (Landak) arte sentitu zelarik.

Orokorki kamioi gidariek, hots portuko langileek protesta «ulertu» egin dutela azaldu dute sindikatuek. Bertan egon ziren CGT eta FSU sindikatuak baita erretreten aurkako kolektiboa eta Oldartu ere. Eguerdi aldera 250 bat lizeotar ere hurbildu zitzaizkien.

Hendaiako (Lapurdi) Jonceaux gune industriala ere blokeatu zuten ehunez gora lagunek, tartean Sokoa eta Bonnet Neve enpresetako baita SNCF ala herriko etxeko langileak zeudela. Nahiz mehatxu eta zigorrak jasan, lizeotarrek ere protestan jarraitzen dute.

Ikasleak presiopean

Ikastetxeetako administrazioarengandik «presio ugari» jasaten dituztela diote protestan diren ikasleek. Hori salatu zuten atzo Ikasi eta Irauliko kideek.

Hala nola Miarritzeko ostalaritza lizeoko hogei bat ikasle grebalari barnetegitik kanporatu dituzte. Baionako Cassin lizeoko zuzendariak ere blokeoa antolatzen ari ziren gazteak «bortizki tratatu» zituen atzo goizean.

Administrazioaz gain, Poliziaren partetik ere etengabean «intimidazioak» jasaten dituztela diote gazteek. Seaskako Etxepare lizeokoek, adibidez, «inolako arrazoirik gabe» identifikatu dituztela jakinarazi dute.

Hala eta guztiz ere, argi utzi dute legediaren arabera greba eskubidea izaki, erretreten erreformaren aurkako borrokan segituko dutela.

Nafarroa Beherean, berriz, manifestazio eta elkarretaratzeak egin zituzten. Donibane Garaziko ehun bat ikaslek manifestazioa egin zuten atzo goizean.

Langileen arteko biltzar nagusian erabakirik, arratsalde bukaeran berriz elkarretaratzea egin zuten 80 bat lagunek Donibane Garaziko herriko etxe aitzinean. ELB sindikatua ere bertan egon zen «injustizia sozialean eta elkarrizketaren errefusean» oinarritzen den Frantziako Gobernuaren joeraren salatzen. Laborariez gain, LAB, FSU, UNSA sindikatuak egon ziren.

Bihar egingo dute berriro biltzar nagusia, 20:30tan Izpuran (Nafarroa Beherea) «indarren batzeko» eta ondoko ekintzen erabakitzeko. Ostegunean izango da intersindikalak finkatu ondoko greba eguna. Anartean, «ekonomia gelditzeko» xedez, blokeoek jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.