Arrantza

Baionako portua ireki dute

Lapurdiko eta Bretainiako arrantzaleek blokeatuta eduki dute Baionako portua igandetik gaur arte. Atzo gauen bilera egin zuten arrantzaleek, eta han hartutako erabakia betez, portua itxita zuten 50 bat itsasontzi goizeko seietan hasi dira bidea irekitzen. Izan ere, portua erabiltzen dutenek auzitegietara joko duten mehatxua egin diete. Europako Batzordeak antxoa arrantzatzea debekatu izana salatzeko blokeatu zuten portua arrantzaleek.

2005eko ekainaren 14a
12:46
Entzun
Lapurdiko eta Bretainiako arrantzaleak Frantziako Arrantza Ministerioko ordezkariekin batzartu ziren atzo, eta Europako Batzordeari proposamena egitea erabaki zuten. Proposamen horretan, arrantza debekua antxoa ugaltzen den leku zehatzera mugatzea eskatzen dute, eta debeku hori urtebetekoa izatea. Bilera egiteko eskatuko diote Europako Batzordeari.

Izan ere, Europako Batzordeak erabaki duenez, uztailetik aurrera ezingo da Bizkaiko Golkoan antxoarik arrantzatu, sei hilabetez. Neurri hori arrantzaleen "heriotza" dela diote, arrantzaleek beraiek. Debekurako arrazoia, espeziea arriskuan dagoela dio Europako Batzordeak. Txosten zientifikoak aztertu dituzte erabaki hori hartzeko, baina Lapurdiko eta Bretainiako arrantzaleek diotenez, txosten horiek manipulatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.