Ekonomia

Baionako Postan "lan sufrikario handia" dela ondorioztatu du Technologia kabineteak

Technologia kabineteak burutu ikerketaren emaitzak plazaratu ditu arratsalde honetan Postako CHSCT Lan Baldintzen Batzordeak. Kabineteko inkesta egileek argiki deitoratzen dute “lan sufrikario handiak” badirela Baionako, Mugerreko, Angeluko eta Bokaleko Posta guneetan.

Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko azaroaren 8a
17:26
Entzun

“Zuzendaritzak beti erran dezake ez dela egia, anartean ikerketa hor da, adituek ere lan sufrikario handia badela diote”, zioten arratsalde honetan Antton Lamote eta Jean Mixel Gabarrus, Postako CHSCT Lan Baldintzen Batzordeko ordezkariek.

Postari baten suizidio saiakera eta gero, aurtengo martxoan, lan baldintzei buruzko inkesta eskatu zioten Technologia kabinete independenteari. Ondorioa argia da: “Lan sufrikario handia bada” Baionako, Mugerreko, Angeluko eta Bokaleko Posta guneetan eta are gehiago, “zuzendaritzaren gortasunak txartzen du langileen osasun fisikoa eta psikologikoa”. Hori irakur daiteke txostenean.

Lan Baldintzen Batzordeak gomendio batzuk luzatu dizkio zuzendaritzari, egoera hobetzeko asmoz. Oraindik ez da jakina zer neurri hartuko dituen zuzendaritzak. Hala ere, zuzendaritzaren partetik lan baldintzak hobetzeko nahikaririk ez dela gaitzesten dute Lamote eta Gabarrusek. “Egindako proposamenei sistematikoki ezetza erantzuten digu zuzendaritzak”. Frantzia mailako Postako zuzendaritzak aurreikusi postu murrizketak gogorki salatu dituzte ere: “Lan baldintzak nola hobetu daitezke, postu murrizketak baldin badira?!”, Lamoten hitzetan.

Hamabost egunen buruan dute CHSCT Lan Baldintzen Batzordeko bilera. Hor jakin behar lukete zuzendaritzaren neurriak zein diren.

Iragan martxoaren 4an langile bat bere buruaz beste egiten saiatu izanak zituen barneko arazoak kanpora atera. Gutun batean, argi utzi nahi izan zuen langileak laneko arazoengatik zuela muturreko erabaki hori hartu. Ezbeharra gertatu eta berehala eskatu zuten lan baldintzei buruzko inkesta independente bat. Muturreko jestu hori egitera bultzatzen duten kausak ikertu nahi ditugu, argi uzteko lanaren antolaketa dela sufrimenduaren kausa”, zion garaian Gabarrusek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.