"Harrigarritzat" jo zuen Confebaskek herenegun EH Bilduk patronalaren aurkako legez besteko proposamena Legebiltzarreko Mahaiak tramiterako onartzea. "Zur eta lur" zegoela esan zuen patronalak, haren jarreraren kontrako idatzia onartu eta eztabaidatzeko bidea zabaldu zutelako taldeek —PPk aurka bozkatu zuen—. Bada, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak garbi utzi du gaur "ezinezkoa" izango dela eztabaida hori geratzea. "Inor bada eztabaida galarazi nahi duena" jakin behar du "gai guztiak" eztabaidatzen direla Legebiltzarrean.
Patronalari erantzun argia eman dio beraz, Tejeriak, atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak legez besteko proposamena eztabaidatzea "zuzena" dela esan ondoren. Tejeriak esan du ulertzen duela "enpresarien eta langileen urduritasuna" negoziazio kolektiboan zabaldu den jokaleku berria dela eta. Egoera "egoki kudeatu" behar dela dio Tejeriak, baina, edonola ere, garbi esan du EH Bilduren proposamenaren eztabaida "egingo dela".
"Bihar Diputazio Iraunkorra batzartuko da; taldeek idatziaren aurrean hartuko duten jarrera erabakiko dute, eta hortik aterako da onartzen dena", esan du. Hala ere, EAJko kideak gogoratu du gauza bat dela eztabaida eta bestea emaitza. "Akordioa dagoen ala ez dagoen ikusteko dago, baina eztabaida gai honekin eta beste edozeinekin gertatzen da".