Mario Draghik argi utzi du: zorra erosteko programa baldintzapekoa izango da. Garrantzi berezia ematen dio nolakotasun hori nabarmentzeari, programa berria aurkezterakoan lehen puntua izateak agerian utzi zuenez. Finantza erreskateak kritikatu ditu Draghik, eta animoak baretu nahi izan dizkie arazoak dituzten herrialdeak laguntzeko ia edozein urrats auzitan jartzen duten herrialdeei — Alemania, Austria, Finlandia eta Herbehereak, batez ere —.
Jakina, kontu bat da esatea EBZren babesa ez dela doakoa eta betebehar zorrotzak izango dituela, eta beste bat argitzea nolako ondorioak dituen horrek laguntza eskuratu nahi duten herrialdeentzat. Euroguneko krisiaren hurrengo borroka izango da hori. Erreskatea onartzen badute, honezkero egindako erreformak eta murrizketak aski direla aldarrikatuko dute Espainiak eta Italiak. Orain arteko esperientziak garbi erakusten du betebehar zerrenda luze eta gordina ekarri dutela egindako hiru erreskate osoek, diruarekin batera.
Erreskatea eskatuko duen edo ez oraindik ez duela erabaki esateaz gain, Espainiako Gobernuak azken asteotan adierazi izan du laguntza horrek ez lukeela murrizketa gehiagorik eragingo. Bankuentzat erreskatea eskatu zenean, antzeko jarrera zuen Moncloak. Erreskatearen baldintzak jasotzen dituen dokumentuak, ordea, finantza sistemari makina bat betebehar ezartzeaz gain, beste zerbait ere esaten zuen: Europako Batzordeak egindako gomendioak eta eskaerak osorik bete beharko zituela Espainiak. Alegia, gomendioak baino gehiago, Bruselaren iritziak agindu izango ziren aurrerantzean.
Eskaera horiek uztailaren 6an onartu zituen Europako Kontseiluak. Besteak beste, Espainiari defizit publikoa %3ra murrizteko epea urtebete luzatu zion Bruselak orduan. Trukean, hainbat eskaera egin zizkion. Zortzi puntutan laburbildu zituen. Batzuk oso zehatzak ziren. Esaterako, BEZa igotzea eta etxebizitza erosteko kenkaria ezabatzea. Beste eskaera batzuetan, EBk ondo neurtutako zehaztasun falta erabili zuen. Hala nola, erretiro adin erreala atzeratzeko eta enpleguari lotutako aholkuetan.
Ezer baino gehiago, defizita jaisteko plan sinesgarri bat exijitu zion Europak Raxoiri, eta hori nola lortu nahi duen zehazteko, bi urterako aurrekontu plana aurkeztera behartu zuen. Plan hori abuztuaren 3an igorri zion gobernuak Bruselari, baina puntu nagusiak uztailaren 11n aurkeztu zituen presidenteak berak. Aski ezagunak dira neurririk gogorrenak: BEZaren igoera, langabezia ordainaren murrizketa, eta funtzionarioei Gabonetan aparteko saria kentzea, beste askoren artean.
Sakrifizio guztiak, eginda
Moncloaren helburua da 2012. eta 2014. urteen artean 102.000 milioi euroko doikuntza lortzea, diru sarrerak handitu eta gastuak murriztuta. Agiri horretan jasotzen diren neurriekin, Bruselak exijitu zizkion sakrifizio guztiak betetzen dituela uste du gobernuak. Aipatzen diren zenbait neurri artean ez ditu abiatu — erretiroari dagokion partea —, eta beste batzuk iragarrita baino ez daude; esaterako, argindar sektorearen erreforma. Hala ere, interpretatzen du beste erreskate bat eskatzeak ez lukeela gizenduko eginbeharren zerrenda. Ondo bidean, aurrekontuari buruzko iritzia urrian plazaratuko du EBk.
Baikortasun mezu horrek zenbait arazo ditu, ordea. Batzuk politikoak dira. Europako herrialde ugarik ez dituzte erreskateak begi onez ikusten. Orain, EBZ ere laguntzen hasiko balitz, oso zaila izango litzaioke esatea nahikoa dela Espainiak edo Italiak orain arte egin eta aurreikusi dutenarekin. Zorroztasun hori praktikan nola zertzen den erakutsi beharko luke.
Beste arazo bat praktikoa da. Bi urterako aurrekontuak dioena betetzea oso zaila izango da. Ekonomia atzeraldian edo hazkunde ezdeusarekin izanik, 89.000 milioi aurreztuko direla kalkulatu du. Murrizketek ekonomia gehiago hondoratzen badute, ezinezkoa da defizit helburua betetzea —honezkero zaila da—. Baldintza eztabaidaezina da hori Bruselarentzat: defizit muga betetzeko neurri gehiago exijituko lituzke, horrek susperraldia are gehiago atzeratzeko arriskua egonda ere.
Zaila da iragartzea murrizketa horiek nolakoak izango diren. Grezia, Portugal eta Irlandan sorta guztia baliatu du troikak, orain arte PP ausartu ez den neurriraino: pentsioak murriztea, langabezia ordainaren iraupena jaistea eta funtzionarioen kaleratze zuzena hartutako neurri gogorren adibidea baino ez dira.
Baldintzak dira hurrengo borroka
Beste erreskate baten truke eskatuko zaizkion sakrifizioen zerrenda mugatzen saiatuko da Espainia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu