Oso garrantzitsuak izango dira gaur eta bihar Zipren egitekoak diren bilerak. Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroak (Eurotaldea) eta Europako Batasunekoak (Ecofin) bilduko dira. Bilera horietan aztertuko dituzte erreskatearen truke zer baldintza bete beharko diren.
Espainiako Gobernuak adierazi du ez dutela uste Europak baldintza berriak inposatuko dituenik; baina, litekeena da hitzartuak dituzten baldintzak betetzeko egutegi bat ezartzea. Europako Batzordeak,berriz, ez du baztertu herrialdeei baldintza gehiago eskatzea. Mario Draghi EBZko presidenteak askotan esan izan du herrialdeek baldintza horiek bete beharko dituztela; zalantza da, defizita murrizteko agindutakoak baino gehiago? Olivier Bailly Europako Batzordeko Ekonomia Gaietarako bozeramaileak ez du baztertzen euroguneko gobernuek erreskatearen truke baldintza berriak eskatzea.
Hain zuzen, Jan Kess Herbehereetako Finantza ministroak gaur baieztatu du Espainiak erreskatea eskatuko balu, horrek baldintza batzuk izango dituela. "Espainiak erreforma ekonomikoak egiteko irmotasuna eta konpromisoa erakustea oso garrantzitsua da", adierazi du Kessek. Horretarako austeritate politikak bultzatzeko eskatu dio ministroak Espainiari. "Bide onetik doa, baina bide horretan jarraitu behar du".
Espainiak, presarik ez
Betiere, Espainiako Gobernuak dio ez daukala presarik erreskatea eskatzeko. Horrek ez du beharrik ez daukanik. Oraingoz, nahikoa izan da Europako Banku Zentralak (EBZ) esatea herrialdeen zor publikoa erosteko prest dagoela, merkatuak lasaitu egin baitira: Espainiaren arrisku saria 400 puntu ingurura jaitsi da, eta Italiarena, 350 ingurura. Baina, EBZk zorra erosteko, herrialdeek erreskatea eskatu behar dute.
Kazetariek behin eta berriro galdetu diote azken egunetan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileari erreskateari buruz. Erreskatea eskatzeko aukera "lasai eta zuhur" aztertu behar dutela erantzun du. Ez gehiago.
Greziari denbora emango diote, baina dirurik ez
Maria Fekter Austriako Finantza Ministroak bilerara sartu aurretik argitu du Greziari denbora gehiago emateko prest dagoela Europako Batasunak eskatutako erreformak betetzeko; baina ez diotela hitzartutakoa baino diru gehiagorik emango. Fekterrek azaldu du euroguneak ez duela urrira arte erabakiko hurrengo laguntzaren inguruan —31.500 milioi eurokoa—.
NDFk adierazi du Greziako Gobernuak "argudio onak" eman dituela erreskatearen truke neurriak hartzeko epea luzatzeko. Troikako hainbat ordezkari Atenasen dira egunotan, gobernuarekin neurriak negoziatzen.