Banca Civicak %6,63ko berankortasun maila dauka maileguetan

Finantza erakundeak 102,5 milioi euro irabazi ditu urtarriletik ekainera, iaz epe berean baino %5 gehiago

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Etxebizitza burbuilak finantza erakundeei buruhausteak eragiten dizkie oraindik. Hala erakusten dute Banca Civicaren emaitzek. Aurtengo lehen sei hilabeteetan %6,63ko berankortasun tasa izan du maileguetan, abenduan baino 0,9 puntu handiagoa. Sektoreko batez besteko tasa ere gainditu du —%6,49—. Dena den, berankortasunaren babes maila sektoreko handienetako dela azaldu du. Zalantzazko maileguen %83 babestuta dituela dio, kaudimen falta kasuetarako 2.946 milioi euroko hornidura duelako.

Nafarroako Kutxak, Caja Canariasek, Caja Burgosek eta Cajasolek osatzen duten bankua uztailaren 21ean atera zen burtsara. Ordutik emandako lehen emaitzak dira. Berankortasunean gora egin arren, datu guztiak ez dira txarrak izan finantza erakundearentzat. Urtarriletik ekainera bitartean 102,5 milioi euro irabazi ditu, iaz epe berean baino %5 gehiago.

Ekainaren 30ean %8,4ko core kapitala zuen bankuak. Espainiako Gobernuak %10eko maila eskatu zion, eta horrek azkartu zuen burtsaratze prozesua. Burtsara aterata, 600 milioi euro lortu ditu bankuak. Eta horiei esker, core kapitala %9,8ra igotzea lortu duela azaldu du.

Bat-egiteak ekarriko dituen sinergiak oso aurreratuta daudela adierazi du Banca Civicak. Hala, etorkizunean gastuak %16 murriztea espero du. Bien bitartean, orain artean 351 milioi euroko kostua izan du lau kutxen arteko fusioak —horietatik 262 iaz eta 89 aurten—. Bat-egitearen hasierako kostua 462 milioi eurokoa izatea espero dute.

Interes marjinen emaitzei dagokionez, iaz baino %27,3 gutxiago irabazi du, guztira 419 milioi euro —215 milioi urtarriletik martxora eta 204 martxotik ekainera—. Otsailean FROB funtsaren finantza kostuak ordaintzen hasi zen Banca Civica eta horrek eragin du hiruhileko batetik bestera interes marjinaren irabaziak %5 murriztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.