Enrique Goñi Banca Civicako eta Nafarroako Kutxako presidente ohiak azaldu duenez, haren kudeaketaz Kontuz bezero plataformak eginiko salaketak —sozietate delituak eta prebarikazioa— "ez datoz bat" errealitatearekin, eta, beraz, "oso lasai" dago haren kudeaketaren inguruan abiatutako ikerketa judizialaren inguruan.
Efe berri agentziak elkarrizketatu du Goñi. "Ez dut soilik egin genuenaren legezkotasuna aldarrikatuko; egindakoaren etika ere aldarrikatuko dut", esan du. Defendatu du inolako deliturik ez zela egin Banca Civicaren burtsaratzean, prozesu hura "garbia, zorrotza, arduratsua eta kontu ikuskariek kontrolatua" izan baitzen.
Banca Civicako akziodun izaten jarraitzen du Goñik, eta %25 jaitsi da banketxeko akzioen balioa. Hala ere, beste banketxe batzuetako akzioak erosi izan balitu, bere akzioen balioa %60 jaitsi zatekeela argudiatu du: "Deigarria da gure burtsaratzea ezbaian egotea, beste enpresa batzuen batez bestekoa baino gutxiago jaitsi baita akzioen balioa". Dietetan irregulartasunak izan zirenik ere ukatu du Goñik.
Banca Civicak Washingtonen urtean 400.000 euroren truke alokatutako bulegoaz, Goñik azaldu du proiektua "erabat serioa" zela eta "inbertsioari dagokionean zeharo mugatua" zegoela.
Datorren asteartean Nafarroako Parlamentuan emango ditu azalpenak Goñik.