Ekonomia

Banca Civicaren sarrera burtsan ikertuko du Nafarroako Fiskaltzak

Deliturik izan ote zen aztertuko du, eta, susmoak baieztatuz gero, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak jarraituko du auziarekin, Madrilen.

2013ko urtarrilaren 9a
11:10
Entzun

Nafarroako fiskal batek egingo du Banca Civica burtsan sartu zeneko ikerketa, Nafarroako Fiskaltzaren aginduz, gaur Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez. UPD alderdiak aurkeztu zuen salaketa batean oinarrituta egingo du. Salaketaren arabera, sei delitu egon daitezke burtsan sartzeko operazioan, eta une horretan, 2011ko uztailean, Banca Civicaren zuzendaritzan zeuden hamabost kontseilariren aurka aurkeztu zuen.

"CANen kudeaketa guztia dago ikertu beharra, erakundeak bere ondarearen balioaren %44 galdu duelako", esan zuen Diego Paños Nafarroako UPDko arduradunetako batek. Gaineratu zuten Nafarroan gutxienez 26.000 kaltetu egon daitezkeela, balioa galdu duten akzioak erosi zituztenak. Dokumentuak faltsutzea, iruzur egitea, bidegabeko jabetzea eta urteko kontuak faltsutzea egotzi zieten, besteak beste.

Banca Civica 2011ko uztailaren 21ean sartu zen burtsan. Caja Navarra, Cajasol, Caja Canarias eta Caja Burgos kutxek osatzen zuten. "Egun zoriontsua da", irribarretsu jo zuten kanpaia Enrique Goñik eta Antonio Pulidok, Banca Civicako presidenteek. Akzioak, ordea, berehala hasi ziren balioa galtzen. 2,7 euro balio zuen Banca Civicako akzio bakoitzak; bederatzi hilabete geroago, berriz, 2,2 euro balio zuten, eta Caixabankek Banca Civica erosi zuen 979 milioi euroren truke.

Erosketa horren ondorioz, erabat desagertu zen Banca Civica, eta Nafarroako Kutxa gizarte ekintzaren kudeaketarekin soilik geratu zen. Aurreko astean Nafarroako Gobernuak CANeko goi organoak eta estatutuak desegin zituen, eta CAN finantza erakunde gisara desagertu zen, fundazio izaera hartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.