Caixabank eta Bankiaren balizko bat egiteak Espainiako erreskate funtsari (Frob) eragingo lioke, Bankiaren %61,8 estatuarena baita. Edonola ere, banku sistemaren lau entitate handienetako bik egin nahi dute operazioa, eta horren emaitza azken hogei urteotako operaziorik handiena litzateke, bien artean 664.027 milioi euroko aktiboak elkartuko lirateke eta: Kataluniako bankuak 445.572 milioi euroko negozioa dauka, eta Bankiak, 218.455 milioikoa. Interes tasak lur azpian daudela eta Europako agintaritza bat egiteak sustatzen ari dela jakinarazi dituzte negoziazioak banku biek.
Urteko lehen seihilekoari dagozkion zenbakiak aintzat hartuz, CaixaBankek 35.589 langile ditu, 4.460 bulegotan, eta Bankiak, 15.947 langile eta 2.267 bulego. Ez dute jakinarazi banku berriaren akzioen egitura nola geratuko litzatekeen, baina Caixabank da alde sendoa, eta hura litzateke lehen akzioduna, jakina. Ezin da ahaztu, gainera, Bankiaren ia %62 Espainiako Estatuarena dela, Rodrigo Ratok zuzendu zuen hainbat kutxaren bat egitea erreskatatu eta gero.
Bankiak 142 milioi euro irabazi ditu 2020ko lehen erdian (%64,4 gehiago) eta 310 milioi euroko hornidurak egin ditu pandemiaren krisiari aurre egiteko. Caixabankek, berriz, 205 milioiko irabaziak jakinarazi ditu, %67 gutxiago, eta 1.155 milioi euro horniduretara bideratu ditu koronabirusa dela eta. Caixabank Nafarroako banku indartsuena da, eta Hego Euskal Herri osoan presentzia handia dauka.
Bankiaren historia beltza
Bankia 2010eko uztailean jaio zen, krisi ekonomikoak hondoratutako zazpi kutxa elkartu ondoren: Caja Madrid, Bancaja, Caja Canarias, Caja Avila, Caixa Laietana, Caja Segovia eta Caja Rioja. Babeserako Sistema Instituzionala sortu zutela helarazi zuten kutxa horietako zuzendaritzek. Handik gutxira, erakunde bakar gisa ematen hasi ziren emaitzak, eta administrazio kontseilu berri bat eratu zuten. Caja Madridek eta Bancajak 17 kontseilari izendatu zituzten 21eko mahaian. Gero, Bankia marka iritsi zen, 2010eko hondarrean sortutako BFAri lekukoa hartuta.
Bankia sortuta zegoen, eta Espainiako banku sistemaren barruan egon den eskandalu handienak libre zuen bidea. 2011ko uztailean burtsara atera zuten, Rodrigo Rato PPko goi agintari ohiak kanpaia jotzen zuela Madrilgo Burtsan, Bankiako presidente gisa. 360.000 inbertitzaile erakarri zuen operazio horrek, eta handik gutxira Bankia ustelduta zegoela ikusi ahal izan zuten inbertitzaile horiek, ezer askorik balio ez zuten aktibo toxikoz josita.
Epaiaren zain
Ratoren administrazio kontseiluaren kontu makilatuek ezin izan zioten luzaroan eutsi gezurrari, eta inbertitzaileen demanden arrosarioa hasi zen epaitegietan. Atzeraldi Handiaren adar finantzarioak ez zuen su-etenik ematen 2012. urte hartan, eta, eskandaluaren gordinean, Mariano Rajoyren gobernua iritsi zen, erreskatearekin. Maiatzean BFAren %100 erosi zuen estatuak, eta Bankiako lehen akzioduna bihurtu zen. Egun horretan eman zuen dimisioa Rodrigo Ratok, eta Jose Ignacio Goirigolzarriri bidea ireki zion. BBVAko kontseilari ordezkari gisa ibilbide oparoa zuen hark, eta Bankiaren aktibo onenekin bankuari zutik eusteko enkargua jaso zuen Madrildik.
Gauzak horrela, 2012 eta 2013 artean, BFA-Bankiak 17.959 milioi euroko laguntza publikoak jaso zituen; 2010ean beste 4.465 milioi jasota zegoen Madrilgo erakundea. Hala, guztira, 22.424 milioi euro publiko jaso zituen Bankiak, betiere bankuak berak emandako datuen arabera. Erreskate publikoa, burtsaratzea kontuak faltsutu ondoren, Black txartelak... Bankia eskandalu iturri izan da urte askoan, eta Goirigolzarrik lema hartu ondoren beste norabide bat hartzen saiatu da, betiere Espainiak haren eta beste hainbaten aktibo toxikoak Sarebeko banku txarrean pilatu ondoren.
Bien bitartean, egunotan espero da Bankia auziaren epaia. Espainiako bankuen eskandalu sorta zabalaren barruan handienarena, alegia. Rodrigo Ratok eta beste hainbat zuzendarik urteetako kartzela zigorrak dituzte jokoan, eta epai hori iristear dagoenean hasi dira Caixabak eta Bankia bat egiteko negoziazioak.