Beste 7.500 milioi euro jarri beharko ditu Espainiako Gobernuak Bankia onbideratzeko, Luis de Guindos Ekonomia ministroaren arabera. Gobernuak eman duen lehen kalkulu ofiziala da, bankua nazionalizatzea erabaki zenetik, orain dela bi astetik. Bihar Bankiaren egoeraren berri emateko agerraldia egingo du De Guindosek berak Kongresuan.
Aurreikuspena betetzen bada, 12.000 milioi euroko laguntza publikoa eskuratuko du Bankiak. CajaMadrid, Bancaja eta beste bost aurrezki kutxa txikiren arteko bateratzeari laguntzeko 4.465 milioi jarri ziren hasieran, FROB funtsaren bidez. Diru hori kapital bihurtuta, BFAko eta Bankiako akziodun nagusia bihurtu zen estatua.
Orain, 7.500 milioi euro gehiago jarri beharko direla uste du Ekonomia ministroak, nazionalizatutako bankuaren kontuak onbideratzeko. Eraikuntzako kredituen estaldura handitzeko asmoz atera diren bi dekretuak betetzeko bankuari falta zaion kopurutik hurbil dago. PPk onartu zuen lehen finantza erreformaren eskaerak gainditzeko 5.000 milioi behar zituen Bankiak, eta erdia hornitu gabe zuen. Higiezin kreditu ustez osasuntsuen estaldura hobetzeko ,4.813 milioi euro gehiago behar ditu. Guztira, 7.440 milioi dira.
Arazoak arazo, Bankia orain dela hilabete bat baino seguruagoa dela esan zuen De GuindosekMadrilen atzo egin zuen hitzaldian. «Zuzendaritza talde berriak martxan jarriko dituen planen ondotik, marka onenetarikoa izango da». Laguntza publikoak, asko jota, hiru urtez iraun dezake, eta, ondoren, enkante baten bidez adjudikatuko da Bankia.
Espainiako finantza sistema onbideratzeko prozesua azpimarratu zuen De Guindosek. Onartutako bi dekretuei esker, eraikuntzako kredituaren %45 estalita egongo dela gogoratu zuen. Ildo horretan, ministroak erabat baztertu zuen bankuek Europako laguntza beharko dutela, François Hollande Frantziako presidente berriak iradoki duen modura.
Bi azterketa sektoreari
Finantza sektorearen sinesgarritasuna hobetzeko, atzerriko bi kontu ikuskariren azterketa izango dela iragarri zuen gobernuak azken erreforman. Atzo, ikuskariak zeintzuk izango diren jakinarazi zuen, eta, aldi berean, azterketak bi izango direla aurreratu zuen, eta ez prozesu bakarra, orain arte azaldu izan duen bezala.
Hala, Alemaniako Roland Berger eta AEBetako Oliver Wyman ikuskaritza enpresen eskuetan geratuko da lehen azterketa. Bi ikuskari horiek finantza erakundeen balantzeak begiratuko dituzte, eta kontrako egoera batean duten erresistentzia neurtuko dute. Emaitzak ekaineko bigarren hamabostaldian aurkeztea espero dute.
Bigarren azterketa sakonagoa izango da, eta aktiboek izan duten balio galera ikertuko dute. Zeregin horretarako, hiru kontu ikuskari izendatuko ditu ministerioak datozen egunetan.
Bankia kapitalizatzeko beste 7.500 milioi jarri beharko ditu Espainiak
Finantza erakundeei azterketa azkarra egingo diete aurki Alemaniako eta AEBetako bi kontu ikuskatzailek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu