Prest da banku batasuna osorik gauzatzeko akordioa. Europako Parlamentuko eta Europako Batasuneko 28 herrialdeetako ordezkariak hamazazpi orduz negoziatzen aritu dira bart, eta goizean goiz akordioa lortu dutela iragarri dute. Itun horri esker, hasiera batean, posible izango da banku batasuna bururaino eramatea Europako Parlamentua desegin eta maiatzean hauteskundeak egin baino lehen.
Banku batasunari azken partea falta zitzaion: arazoak dituzten bankuak onbideratzeko edo likidatzeko arauak eta tresnak adostea. Hori da azken orduko negoziazioek aurrera atera duten edukia. Likidatzeko funts bateratua izango da tresna nagusiena. Funtsean, erakunde batek laguntza behar duen edo likidatu behar den erabakiko du, eta horretarako behar den dirua jarriko du. Prozesu hori abiatzeko erabakia funtseko kontseiluak edo EBZ Europako Banku Zentralak hartuko dute. Europako Batzordeari dagokio, bestalde, likidazioaren bide orria finkatzea.
Parterik polemikoenak bankuen erreskatea finantzatzeko dirua eta epeak izan dira. Akordioaren arabera, banku gordailuen %1 estali beharko du likidazio funtsak zortzi urteko epean. Orain arte, hamar urte proposatzen zituen Bruselak, eta Europako Parlamentuak azkarrago osatzea exijitzen zuen. Helburua bankuek gutxienez 55.000 milioi euro jartzea izango da, etorkizuneko krisiei aurre egin ahal izateko.
Beste ezadostasun bat dirua lortu arte nola jokatu zen. Trantsizio epe bat jarriko da martxan. Hala, zortzi urte horietan herrialde bakoitzak bankuak berregituratzeko funts propioa izango du. Haatik, apurka diru hori elkarbanatzen joango dira estatu kideak. Hasteko, lehen urtean diruaren %40 elkarbanatuko dute, eta bigarren urterako, %60. Arriskua partekatzeko aukera hori errefusatu izan du Alemaniak orain arte. Hori bai, beste badintza bat betetzea lortu du Angela Merkelen gobernuak: ESM erreskate funtseko dirua ezin izango da erabili bankuak onbideratzeko.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak ituna txalotu du. “Banku batasuna osatu du akordioak. Finantza merkatuen konfiantza indartuko du, eta kreditua bereskuratzen lagunduko du”. Europako Parlamentuak legealdiko azken osoko bilkura apirilaren 14tik 17ra egingo du, eta horretan likidazio funts bateratua indarrean jartzeko erabakia bozkatzea espero dute. Ondoren, ganbera desegingo da, eta Europako hauteskundeak egingo dira 28 herrialdeetan maiatzaren 22tik 25era.
Bi urtez banku batasunaren proiektua lantzen aritu dira, eta desadostasun ugari izan dituzte bidean. Batez ere, finantza krisiak daudenean faktura nork eta nola ordaindu behar duen zehaztea kostatu zaie herrialdeei, Alemaniak jarritako baldintzak direla eta. Banku batasunaren lehen partea EBko finantza erakunde nagusientzat ikuskatzaile bakarra sortzea izan da. Alde hori martxan da, eta urte amaieran EBZ Europako Banku Zentralak hartuko du bere gain zeregin hori, bankuen egoerari buruz egingo den azterketaren emaitzak argitaratu ondoren. Zuzenean 130 bankuren kontrola hartuko du EBZk. Erakunde horiek euroguneko finantza aktiboen %85 dituzte.