Finantza negozio guztiak batu eta munduko bankurik garrantzitsuena bihurtu ziren. Supermerkatuak balira bezala, denetik eskaintzen zuten. Kontsumorako maileguak, aseguruak, kreditu txartelak... Zerbitzu guztiak izatea zuten xede, herritarrei dena leku berean egiteko aukera izan zezaten. Sandy Weillek, Citigroupeko presidente izandakoak, bultzatu zuen eredu hori, duela hamarkada bat inguru, AEBetan. Baina, gisa horretako finantza erakundeen egoera asko ari da okertzen azkenaldian, Citigroupen beraren eta Bank of Americaren emaitzak dira horren lekuko.
Azken urtea oso txarra izan da bai batentzat eta bai bestearentzat, eta azken hilabeteak zer esanik ez. Aipagarria da Citigroupen kasua. 2007an, 3.617milioi dolar irabazi zituen; 2008an, berriz, 18.715 milioi galdu ditu (14.000 milioi euro inguru). Horietako 8.294 azken lauhilekoan.
Hala, duela bi hilabete eskas esandakoaz bestelakoa egin du erakundeak. Orduan, Vikram Pandit presidenteak irmoki defendatu zuen erakundea ez zela zatituko. Atzo baieztatu zuen baietz, bitan banatuko zela. Hau da, hemendik aurrera negozio txikiago gisa funtzionatuko duela. Citicorp izeneko elkartearen esku geratuko dira banka pribatuetako negozioak eta inbertsioak, kontsumoaren arloa eta kreditu txartelak. Citi Holding izenekoak, besteak beste, aktibo arriskutsuen negozioa bilduko du.
Bigarren laguntza
Bank of Americaren egoera ere egunetik egunera okertzen joan da. Abenduan, American Banker aldizkariak, urtero bezala, urteko bankeroa aukeratu zuen ekitaldi batean. Kenneth Lewisentzat izan zen saria bigarren aldiz, Bank of Americako kontseilari ordezkariarentzat. Erabakia arrazoitzeko, aldizkariak azaldu zuen banku hori zela krisiaren aurrean hondoratu gabe igeri egiten ari ziren bakanetako bat.
Antza, aldizkariak ez zuen bankuaren egoera ongi ezagutzen. Izan ere, atzo, AEBetako Gobernuak salbatzeko eskua luzatu behar izan zion, bigarren aldiz. Altxorraren, Erreserba Federalaren eta Gordailuen Bermerako Korporazio Federalaren artean 118.000 milioi dolar (15.100 milioi euro) jarriko dituzte bankua babesteko.
Iaz, Merrill Lynch bankua eskuratu zuen Bank of Americak, eta erosketa horren ondorioz izan ditzakeen galeretatik babesteko erabili nahi dute dirua. Horrez gain, Altxorrak beste 20.000 milioi emango dizkio bankuak erreskate planeko aurrekontutik. Behin-behineko datuen arabera, 15.310 milioi dolarreko galerak izan ditu Merrill Lynchek laugarren hiruhilekoan, eta 1.790 milioikoak Bank of Americak. Gobernuak adierazi duenez, herrialdeko finantza merkatuaren egonkortasuna bermatzeagatik erabaki du bankua erreskatatzea. Aurrez, beste 25.000 milioi eman zizkion.
Burtsan igoera handirik ez
Gobernuak esku hartzen dutenean, normalean, merkatuek konfiantza sentitzen dute eta igo egiten dira. Hori gertatu zen atzo ere, eta irabaziekin itxi zuten eguna Europako burtsa nagusiek. Dena den, igoerak ez ziren handiak izan. Aitzitik, Dow Jones indizeak beheranzkojoerarekin ekin zion egunari, baina Citigroupen eta Bank of Amerikaren akzioak zertxobait igo ziren.
Banku konglomeratuek huts
2008an 18.715 milioi dolarreko galerak izan ditu Citigroup finantza erakundeak, eta bitan banatzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu