New Yorkeko burtsan Citi eta AIGren inguruko berri onek bankuak esertzeko direla pentsarazi zien txerritxo ehiztariei. Euren akzioak erosi eta bertan goxo itxaroteko eserlekuak, alegia. Popular %3,5 eta Sabadell ia %3 igotzea da horren adierazgarri. Bi banku handiak ere %1na pasa igo ziren. Espainian txikizkarien salmentak ia %3 jaitsi izana ahaztu, eta 1.783 milioiren salerosketa ez handiegiarekin, 11.100 puntuko langatik gora etzan zen Ibex-35 (+%1,07). Petrolioa eta euroa azkenaldiko maila bertsuan jezarrita daudela (81 dolarretan Brent eta 1,36 inguruan euroa), nolabaiteko lasaitasuna da nagusi. Espainiako eta Portugalgo altxorrek jaulkipenak egitea lortu dute Greziako desgraziaz harago, eta, oraingoz, sendo itxura gorde dute akzio azokek. Nolanahi den, New Yorkeko arratsaldean freskatu egin zuen burtsan, eta goizean irabaziak zirena, epeldu. Abengoa (+%4,02) izan zen eguna erosoen eman zuena.
Barclays bankuaren kalkuluen arabera, Espainiako kutxek 25.400 milioiren higiezinak dituzte euren balantzeetan, higiezinen kopurua azken urtean hirukoiztu ostean. Prezioa jaitsiarazi nahi ez duten arren, saldu nahia saldu beharra bihur dakieke.
SOS Cuetararen (+%1,66) %28 bereganatzeko eskaintza egin zuen Nueva Rumasa enpresa taldeak. Akzioak 2,44 euro balio du egun, eta 2,68 euro ingurukoa da Ruiz Mateostarren eskaintza. Gaur du epemuga eskaintza horrek. Arrakasta, ikuskizun.
Bankuak esertzeko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu