Bankuek itxita jarraituko dute Grezian, behintzat, heldu den ostegunera arte. Hala jakinarazi du Louka Katseli Greziako Banku Elkarteko buruak. Kutxa automatikoetan dirua ateratzeko mugak 60 eurotan jarraituko du. Hasieran, bihar bulegoak irekitzea zen gobernuaren asmoa, baina atzeratu behar izan du. Bankuetako ordezkariak, Greziako bankuen elkartea eta Finantza Ministerioa bildu dira gaur luzapen hori aztertzeko.
EBZ Europako Banku Zentralak erabaki du Greziako bankuei ematen dien premiazko likidezia bere horretan uztea. Hots, ez du onartu Greziako Bankuak kopurua handitzeko atzo egin zion eskaera, baina ez du herrialdeko finantza sistema premiazko tresna horretatik kanpo utzi.
Hori bai, Greziako bankuek mailegu horiek erabiltzeko eskatzen duten bermeei egiten dien kitapena "egokitu" duela iragarri du EBZk. Ez du zehaztu, baina, hasieran, dirua eskatzearen truke bankuek jartzen duten bermearen balioa — batez ere, gobernuaren bonuak — murriztu du banku zentralak. Alegia, berme kopuru berdinarekin diru gutxiago mailega ditzakete bankuek. Presioa handitu du EBZk, beraz, banku askok dirua eskatzeko berme geroz eta gutxiago dituztelako, eta geroz eta balio txikiagoa aitortzen die banku zentralak.
Joan den asteko igandean larrialdiko likidezia hori ez handitzea erabaki zuen banku zentralak, eta, finantza sistemaren porrota eragozteko, kapital kontrolak ezarri zituen Greziako Gobernuak. Harrezkero bankuak itxita daude, eta dirua ateratzeko aukera, eguneko 60 eurora mugatuta.
Euroguneko lantalde nagusiak bilera egitekoak dira bihar, Bruselan. Batzar horietara Greziak proposamen berriak eramateko asmoa du. Hala egingo dutela aurreratu dio Tsipras lehen ministroak Angela Merkel Alemaniako kantzilerarri, gaur goizean telefonoz egin duten elkarrizketan. Galdeketaren biharamunean Europako erakundeetako eta gobernuetako ordezkariekin harremanetan jarri da Tsipras.
Alemaniak mesfidati hartu du atzoko galdeketan ezezkoak lortutako garaipen handia. Angela Merkelen eledunak ziurtatu du gaur-gaurkoz ez direla baldintzak betetzen hirugarren erreskate baten negoziazioak abiatzeko, eta Greziari exijitu dio ezer baino lehen erreforma gehiago aurkezteko. Zorpetzea arintzeko aukera ez dela mahaian egongo esan du Alemaniak.
Arratsaldean bildu dira Parisen Frantziako eta Alemaniako gobernuburuak, Francois Hollande eta Angela Merkel. Biek adierazpen labur bat egin dute. Greziako Gobernuari proposamen "serio eta sinesgarriak" eskatu dizkio Hollandek. Halaber, esan du Europak eraikuntza ekonomiko bat baino gehiago dela. "Printzipioetan eta balioetan oinarritutako multzoa da", Hollanderen hitzetan. Hori dela eta, "elkartasuna" egon behar duela uste du, baina baita ardura ere. "Elkartasunaren eta arduraren arteko oreka behar da".
Merkelek antzeko mezua igorri du, goizean haren bozeramaileak bidali duena baino leunagoa. Galdeketaren emaitza errespetatzen dutela adierazi du kantzilerrak, baina eurogunean beste 18 herrialde daudela, eta haien iritzia ere kontutan hartu behar dela. "Eztabaidarako atea zabalik dago", ziurtatu du Merkelek, baina mezu argia bidali dio Greziari. "Proposamenak ekarri behar ditu hazkundea eta oparostasuna lortzeko epe ertainean", haren ustez, eta troikako erakundeek egindako proposamena "indartsua" zela nabarmendu du. Greziaren elkartasuna "defendatu" dutela ziurtatu du Merkelek, baina arduratsua ere izan behar dela ohartarazi du.
NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere ohar laburra atera du. "Eskatuz gero", Greziari "laguntzeko prest" jarraitzen dutela adierazi du Christine Lagarde erakundeko zuzendari-kudeatzaileak.
Gobernuaren akordioa oposizioarekin
Alexis Tsipras lehen ministroa oposizioko alderdiko buruekin eta Greziako presidente Prokopis Pavlopulosekin bilduta egon da, galdeketaren ondorengo urratsei buruz hitz egiteko. Alderdi guztiak daude bertan, Egunsenti Urrekarako liderrak izan ezik, gobernuak ez dituelako batzarrera deitu. KKE komunista izan ezik, gainerako alderdiek babestuko dute Tsiprasen gobernua negoziazioetan.
Gobernuaren eta oposizioko liderren lehentasuna "bankuen likidezia berrezartzea" izango da, Skai telebista katearen arabera. Negoziazioen lidergoa lehen ministroaren eskuetan utziko dute. Konponbide batek honako hau bermatu beharko lukeela hitzartu dute. Hasteko, finantza beharrak behar bezala estaltzea. Erreforma fidagarriak, eta balizko zamaren baneketa orekatua. Horrekin batera, aurrera begirako programa sendoa langabeziaren aurka borrokatzeko. Azkenik, Greziak duen zorpetzearen eramangarritasunari buruzko "sakoneko eztabaida" abiatzeko konpromisoa lortzea.
Euroaren eremuko gobernuburuek bilera dute bihar arratsaldean Greziaren erreferendumaren ondoren hurrengo urratsak aztertzeko. Arratsaldeko seietan izango da. Aurretik, 13:00etan, finantza ministroen bilera (eurotaldea) izango da Bruselan. Bileraren deialdian ohartarazi dute Greziaren aldetik proposamen berriak espero dituztela, eta hala egingo duela iragarri du gobernuak. Euklid Tsakalotosentzat lehenbiziko bilera izango da Greziako Finantza ministro karguan, dimisioa eman duen Giannis Varufakisen ordez.
Tsakalotos, Finantza ministro
Biharko bilera horietan ez da izango Giannis Varufakis, dimisioa eman baitu. Bere blogean azaldu duenez, eurotaldeko hainbat kidek esan diote ez direla "eroso" sentitzen bere presentziarekin, eta, beraz, nahiago luketela negoziazioetatik at geratzea. Varufakisek azaldu duenez, Alexis Tsiprasen iritziz ere "errazago" litzateke Bruselarekin akordioa lortzea, bera negoziazio mahaitik kanpo geratuz gero.
Minister No More! http://t.co/Oa6MlhTPjG
— Yanis Varoufakis (@yanisvaroufakis) julio 6, 2015
"Uste dut nire esku dagoen guztia egitea dagokidala Tsiprasi laguntzeko, greziar herriak eman digun kapitala behar bezala baliatu dezan", adierazi du Varufakisek bere blogean. Bide beretik, eta Bruselari erantzunez, nabarmendu du "ohorea" dela beretzat hartzekodunek gorroto izatea. "Guk ezkerrean badakigu nola jokatu talde gisa, karguari lotutako pribilegioak baliatu gabe. Nire esku dagoen guztia egingo dut Tsipras lehen ministroari, Finantza ministro berriari eta gure Gobernuari laguntzeko".
Gobernuak Euklid Tsakalotos izendatu du Finantza ministro. Kreditu emaileekin negoziatzen aritu den taldeko koordinatzailea izan da Tsakalotos (Rotterdam, 1960). Oxforden ikasitako ekonomialaria da.
Emaitza ofizialen arabera, Greziako Gobernuak galdeketan defendatzen zuen aukerak, ezezkoak, botoen %61,31 lortu ditu, eta herrialdeko hauteskunde barruti guztietan irabazi du. Baiezkoak botoen %38,69 lortu du. Emaitzaren lehen biktima Andonis Samaras Nea Demokratia eskuindarreko burua izan da. Atzo gauean dimisioa eman zuen Samarasek.
Mugimenduak Bruselak
Bruselan ere mugimendu ugari izango dira datozen orduetan. Gaur bertan Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak iragarri du batasuneko kargu politiko nagusiekin konferentzia egingo duela. Batzar telefoniko horretan parte hartu dute Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea, Jeroem Dijsselbloem eurotaldeko burua, eta Mario Draghi EBZko presidentea. Junckerrek berak bihar Europako Parlamentuan hitza hartzeko asmoa du, Greziari buruz duen iritzia azaltzeko. Goizeko zortzi eta erdietan izango da agerraldia.
EBko presidenteordeak, Valdis Dombrovskisek, esan du emaitza "errespetatzen" dutela, baina ezezkoaren garaipenak Greziaren eta euroguneko beste herrialdeen artean dagoen zuloa "handitu" duela. "Ezezkoak gauzak zailago jarri ditu", haren hitzetan. Dombrovskisen arabera, Europako Batzordeak eurotaldearen beste agindu bat beharko luke berriro negoziazioei heltzeko. Hau da, mahaian zeuden proposamen eta eskaintza guztiak berriro negoziatu beharko dira. Greziak eskaera ofiziala egin zuen joan den astean hirugarren erreskate programa baterako. Bruselak ziurtatu du euroguneko finantza egonkortasuna ez dagoela auzitan, eta horri eusteko tresna guztiak martxan dituztela.
Euroa, apur bat behera
Dibisa merkatuan orain arte ondorio gutxi izan ditu Greziaren ezezkoak. Lehen orduko jaitsierari jarraituz, gora eta behera ibili da euroa, dolarrarrekin alderatuz. Eguerdian, %1 ere izan da jaitsiera, baina gero arindu da berriro. Kontinenteko burtsa nagusiek galerekin hasi dute eguna. Greziakoak itxita segitzen du.