Vox Alexia da gaur egun Navalen nasetan dagoen ontzi bakarra, eta hura egin edo ez ontziolaren etorkizuna bera dago jokoan. Oraingoz dragaren kroskoa soilik dute eraikia Sestaoko ontziolan, eta zalantzan dago hura egiten jarraituko duten, Van Oord Herbehereetako armadoreak ontzi hori egiteko finantzaketa arazoak dituelako eta sei bankurekin negoziatzen hilabeteak daramatzalako. Joan den asteartean itxi zen negoziazio horretarako epea, akordiorik gabe. Navalek, hain zuzen, bart jaso du Van Oordek bidalitako agiria, draga eraikitzeko kontratua eteten dutena. Agiri horrekin, armadoreak inbertitutako dirua itzultzea eskatzeko prozedura jarri du abian. Sindikatuen arabera, 42 milioi euro lirateke orain arte Van Oordek aurreratutakoak.
Baina gaur goizean Navalek jakinarazi du, orain bai, bankuek onartu dutela Vox Alexia-ren eraikuntzaren finantzaketan parte hartzea, "bakoitza bere baldintzekin". Ontziolaren arabera, horrekin epe bat zabalduko da armadoreak "Navalekin, bankuekin eta Pymar-ekin [ontziola txikien elkartea] finantzaketaren baldintzak eta bermeak negoziatzeko". Van Oordek draga Sestaon eraikitzeko borondatea behin eta berriz erakutsi duela azpimarratu du gaur bertan Navalek. Jose Angel Escribese ontziolako zuzendariak erabateko konfiantza du draga eraikitzen segituko dutela "operazioaren finantza konplexutasunaren gainetik". Herbeheretako armadoreak bazuen beste draga bat Navalen egiten, Vox Amalia izenekoa. Baina Navalek onartu zuen Van Oordek Vox Amalia Santanderrera eramatean, Vox Alexiaren eraikuntza Navalentzat ziurtatzeko.
Hala ere, langile batzordeko iturrien arabera, armadoreak ez du bankuen azken mugimendua aintzat hartu, eta ez du bide horretan jarraitzeko asmorik. Dena den, egungo kontratua eten arren, ontzia Sestaon eraikitzea beste erremediorik ez du, eta horretarako beste negoziazio fase bat abiatuko du Van Oordek.
Van Oordentzako draga egiten jarraitzeak hogei hilabeterako arnasa emango lioke kinka larrian dagoen Navali. Batetik, iazko urritik konkurtsoan dagoen ontziolak jarduerarekin segituko luke, eta bestetik, ontziola bereganatzeko asmoa lukeen inbertitzaileren bat erakartzeko denbora gehiago izango luke.