Finantzak

Bankuen erreskaterako baldintzak hitzartu ditu Europako Batasunak

100.000 euro arteko gordailuak edoizen galeratik salbuetsita geratuko dira, baina ez kopuru horretatik gorakoak.

Ivan Santamaria.
2013ko ekainaren 27a
14:04
Entzun

Ecofin Europako Batasuneko Finantza Ministroen Kontseiluak bankuen erreskateak arautzeko akordio garrantzitsua lortu du bart. Joan den asteburuan ez zen posible izan negoziazioak bururaino eramatea, baina bai atzo egindako ezohiko bileran. Erreskateak nola egituratuko diren hitzartu dute, eta orain arau horren tramitazioari ekingo dio Europako Parlamentuak.

Akordioaren arabera, posible izango da Europako erreskate funtsetatik dirua erabiltzea bankuak onbideratzeko. Hori egin baino lehen, ordea, inbertitzaileei fakturaren parte bat pasako zaie. Neurri handi batean, diru publikoaren erabilera azken aukera gisa geratuko litzateke finantza erakundeak erreskatatzeko. Salbuspen batzuk egongo dira: 100.000 euro arteko gordailuek ez dute inolako galerarik bere gain hartu behar izango. Ez zaie ezer kenduko. Gauza bera gertatuko da bankuek langileei zor dizkieten soldata edo pentsioekin. Bestelako inbertitzaileek fakturaren parte bat ordaindu beharko dute, eta horretarako ordena ezarri da: akziodunak, produktu hibridoen jabeak —lehentasunezko parte hartzeak—, zor juniorra eta zor seniorra. Hortik aurrera berritasun esanguratsu bat egongo da: 100.000 eurotik gorako gordailuen kasuan enpresa handien sosak zor senior horrekin parekatuko dira. Horren ondoren, eskala txikiago batean eta azkenak, enpresek eta bezero partikularrek dituzten 100.000 eurotik gorako gordailuak geratuko dira.

Bankuen onbideratzea finantzatzeko, babestuta dauden gordailuen %0,8ren pareko funts bat sortu beharko du herrialde bakoitzak, bankuek finantzatuta. Gaur egun gordailuak bermatzeko dagoen funtsari —%0,5 estaltzen du— gehituko zaio. Akordioak malgutasun neurri batzuk jaso ditu. Hala, posible izango da kasu batzuetan 100.000 eurotik gorako gordailu batzuk babestea, baina soilik partikularrenak eta enpresa txiki edo ertainenak. Aukera horrek muga batzuk ditu: asko jota bankuaren aktiboen %5 gera daiteke salbuetsita. Gainera, aukera hori gauzatzeko beste inbertitzaileek gutxienez aktiboen %8ren pareko galera estalia izan behar dute.

Banku batasunaren definizio praktikoan bi urrats esanguratsu egin dira asteon. Joan den ostegunean erreskate funtsa erabiltzeko modua adostu zuten herrialdeek. Hasiera batean, erreskate funtsetik 60.000 milioi euro erabili ahalko dira bankuak zuzenean kapitalizatzeko. Hori bai, diru hori jarri baino lehen bankua dagoen herrialdeko gobernuak zuloaren %20 estali beharko du, eta finantza erakundearen oinarrizko kapital maila %4,5 izateraino falta den dirua eman. Orain, gordailuak bermatzeko Europa mailako funts baten sorrerari buruzko akordioa falta da. Horren negoziazioak blokeatuta daude azken hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.