Bankuen galeren erdia oraindik ezkutuan dagoela dio Strauss-Khanek

Europan ezkutuko galerak egoteko arrisku handiagoa dagoela adierazi du NDFko zuzendariak

Miren Garate.
2009ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bi urte pasatu dira dagoeneko finantza krisia lehertu zenetik. Eta hark krisi ekonomikoa ekarri zuen. Azkenaldian ematen ari diren mezuen arabera, bataren zein bestearen amaiera hasi da. Iritzi hori bera du Dominique Strauss-Khan Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak. Haren esanetan, ordea, hazkunde sendoa egoteko beharrezkoa da bankuek beren kontuak «erabat garbitzea», historiak hala erakutsi duelako. Galeren erdiak oraindik ezkutuan daudela azaldu du.

«Finantza krisia ia erabat kontrolatu da, baina bankuen kontu garbiketa oso urrun dago oraindik», esan du Strauss-Khanek Le Figaro aldizkarian egindako elkarrizketan. Aste honetan bertan jakin da, esaterako, 2008an Ingalaterrako bankuak ezkutuan lagundu ziela RBS eta HBOS bankuei. Haren esanetan, ez zuen horren berri eman «finantza sistemari buruzko konfiantza ez kaltetzeko».

AEBekin konparatuta, Europan ezkutuko galera horiek egoteko aukera gehiago daudela nabarmendu du NDFko zuzendariak. «Egoera kritikoa da,finantza krisi bat izateko aukerakoraindik badaudelako, eta hari emandako erantzunak ezin du berdina izan: ez ditugu bigarren aldiz diru publikoko milaka milioi euro sartu finantza sisteman».

Hala eta guztiz ere, finantza sistemari laguntzen jarraitzearen aldekoa da Strauss-Khan, kontsumo pribatuak baxu jarraitzen duelako eta langabeziak hazten. 2010era arte enplegua ez dela errekuperatuko azaldu du, ez Europan ez AEBetan. Zuzendariei emandako bonoei dagokienez, ikuspegi etikotik «eskandalagarriak» eman dezaketela dio, diru publikoari esker salbatu direlako.

Interes apalak, arriskutsu

Strauss-Khanek bankuen galerak jo ditu arriskutsutzat, baita AEBetako Erreserba Federalaren interes tasa apalak ere. Diruaren prezioa %0 eta %0,25 artean dago herrialdean. Luzaro hala jarraituz gero finantza merkatuek «gehiegizko arriskuak» har ditzaketela adierazi dute erakundeko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.