“Euskadi atzeraldi ekonomiko gogorrean dago murgilduta”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak, eta bankuak kontrolatzeko Espainiako Bankuak duen eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du. Gatzagaetxebarriaren arabera, “estatuko arauen geldotasunak” eragin du EAEko administrazioak ez eskatzea bankuen kontrola. “Hori ez da koherentea eta, estatutuaren arabera, ez da jasangarria”.
Egoera aldatzeko asmoz, Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiekin aurrekontuen inguruan hitz egiteko eta akordioak lortzeko asmoa duela adierazi du. Gizarteari itxaropen hitzak helarazi dizkio: “Egoera honetatik aterako gara".
Gatzagaetxebarriak gaur legebiltzarrean egindako agerraldia izan da legegintzaldi honetan sailburu batek eman duen lehena. Gaurtik aurrera, sail bakoitzak egingo duen lanaren berri emango du.
Kezkatuta dago Garapen ekonomikorako sailburua
Garapen ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak esan du urte honen amaieran "argia ikusten" hasiko dela EAE. Ondoren, ordea, ”kristalezko bolarik” ez duela esan du. ”Benetan kezkagarriak” iruditzen zaizkio gaur egungo datuak, eta esan du ez duela ematen ”epe laburrera” hobekuntza ”esanguratsurik” egongo denik.
Ekonomia arloan oraindik ere ”aro zaila” pasatu behar dela pentsatzen du Tapiak. ”Ezer egiten ez badugu gauden bezala geratuko gara”; eta jakinarazi du horregatik ”neurri sorta bat” jarriko duela martxan Jaurlaritzak.