Bankuetako goi kargudunek soldaten muga gainditu ahal izango dute

Espainiak salbuespenak onartu ditu; baita, Banca Civicaren moduan, bat egindako bankuetako goi kargudunentzat ere

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bankuetako goi kargudunei soldaten muga bai, baina salbuespenekin. Banca Civicarena, esaterako. Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zuen laguntza publikoak jaso dituzten bankuetako goi kargudunen soldatak mugatzeko agindua. Gaur jarri da indarrean. Arauaren arabera, banku batek beste bat bereganatu duen kasuetan, eta bietako batek laguntza publikoa jaso badu, soldaten muga ez zaie aplikatuko banku erosleko goi kargudunei. Eta erositako bankuko goi kargudunei ez aplikatzeko aukera ere jasotzen du. Alegia, Caixakoek ez dute bete beharko, eta Banca Civicatik Caixara joandakoek aukera bat badute ez bete behar izateko. Enrique Goñi Banca Civicako presidentearen kasuan, esaterako.

Soldaten gehieneko mugen salbuespenaz baliatzeko, Espainiako Ekonomia ministroak onartu beharko du espresuki, Espainiako Bankuak egindako proposamenari erantzunez. Kudeaketa eraginkorra sustatzeko asmoa du salbuespenak. Gaur indarrean jarritako arauak ematen du horretarako aukera.

Espainiako Gobernuak mugak ezarri dizkie nazionalizatutako bankuetako zuzendaritzetako kideei, laguntza publikoak jaso dituztenetakoei edo jasoko dituztenetakoei. Gehienez ere 600.000euro jaso ahal izango dituzte bat egindako bankuen kasuan. Ondorioz, Enrique Goñik, berez, urtean ezingo lituzke jaso, iaz bezala,1,2 milioi euro.

Soldata txikiagoak

Espainiako bankuak kapitalizatzeko FROB funtsak esku hartutako bankuetako zuzendaritzetako kideek, gehienez, 300.000 eurojaso ahal izango dituzte urtean. Banku horien artean daude, CatalunyaCaixa, Novagalicia Banco, Banco de Valencia eta Bankia.

Era berean, gaurtik aurrera debekatuta izango dute legeak ezarritako muga gainditzen duten kalte-ordainak jasotzea. Esaterako, Domingo Parra Banco de Valenciako kontseilari ordezkari izandakoak ez luke modurik, iazko urrian kargua uztean gertatu bezala, 7,1 miloi euroko kalte-ordain bat jasotzeko.

Europako Batasunak Espainiari emango dion erreskatearen beharra duten bankuetako zuzendaritzako taldekideei ere mugatu egingo dizkiete ordainsariak. Hori bai, arauaren arabera, muga horiek indarrean izango dituzte soilik laguntza publikoa jasotzen duten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.