ERREAKZIOAK

Barcina: "Greba abertzale bat dagoen bakoitzean txikizioak eragiten dituzte erradikalek"

EAJko diputatu Aitor Estebanen arabera, "ametsetan" daude ELA eta LAB. PSE-EEko idazkari nagusiak sindikatuei egotzi die "langileen tresna garrantzitsuenarekin arinkeriaz jokatzea". Adegiko idazkari nagusiak esan du borrokak ez duela "leku onera" eramaten eta "beste garai bateko estrategia" dela.

2013ko maiatzaren 31
11:29
Entzun

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak gaur esan duenez, "Iruñean eta Nafarroan greba abertzale bat dagoen bakoitzean, ELAren eta LABen ondoan erradikalen talde bat dago txikizioak eragiten". Barcinak azaldu du "hiri osoan zehar" kalteak eragin eta UPNko egoitzan pintaketak egin zituztela; "onartezinak dira pertsona horiek darabilten indarkeria", gaineratu du.

EAJ: sindikatuak "ametsetan" daudela uste du Aitor Estebanek

EAJk Espainiako Kongresuan duen taldeko bozeramaile Aitor Estebanek ELA eta LAB sindikatuen aurka jo du greba orokorraren biharamunean. "Badirudi herri honetako sindikatu batzuk ametsetan daudela, beste leku eta garai batean bizi direla", esan du.

Onda Vasca irratian hitz egin du Estebanek. Bertan, sindikatuei ohartarazi die "benetako herri ordezkaritza hautestontzietan" dagoela, "nahiz eta momentu batzuetan jende asko kalera atera". Estebanen iritziz, "herritar guztiek bozkatzeko aukera dutenean" ordezkatzen da herritarren borondatea.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, berriz, esan du "'sindikatua enpresaren aurka' eredua iraungita" dagoela eta langileek "enpresaren proiektuan inplikatu" behar dutela.

"Sindikatuek diote sistema demokratikoa ez dela soilik alderdiekin eta parlamentuan ordezkatu behar, eta herritarrei ahotsa eman behar zaiela; ados, enpresetan langile asko daude sindikatu ez direnak", erantsi du.

Lopez: "orokorra ez beste edozer" izan zen greba

Atzoko grebaz mintzatu da gaur goizean Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. ELAri eta LABi esan die "aldatzeko asko" dutela, eta "langileen tresna garrantzitsuenarekin arinkeriaz jokatzea" egotzi die.

Lopezen ustez, "orokorra ez beste edozer" izan zen greba, eta nabarmendu du ez zuela izan sindikatu guztien babesa. "Zortzigarren greba izan da krisia hasi zenetik, eta arinkeriaz jokatu dute langileen tresna garrantzitsuenarekin", azaldu du.

Beharrezkotzat jo du "lan kulturaren erreforma, eta ulertzea enpresa ahaleginak hitzartzeko esparrua" dela. Kritikatu du Espainiako Gobernuak, egin nahi duen lan erreformaren bidez, sindikatuen papera "mugatu" nahi duela, "ziur aski baita haiek desagertzeraino ere". Sindikatuek "asko dute esateko", baina "baita aldatzeko ere", Lopezen esanetan.

Adegi: borroka, "beste garai bateko estrategia"

Jose Miguel Aierza Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko idazkari nagusiak ere atzoko grebaren aurka jardun du Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan. Esan du ez duela "ezertarako" balio izan, eta langile eta enpresen arteko harremana aldatzearen alde agertu da: "Zenbat eta harreman hobea, langabezia gutxiago".

Aierzak uste du "akordioa" behar dela langile eta enpresarien artean. Borroka "beste garai bateko estrategia" bat dela eta "leku onera" ez daramala azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.