Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak gaur goizean adierazi du "ia-ia" adostu dituela PSNrekin 54 milioiren murrizketak zehazteko neurriak, eta "akordio handi bat" lortu dutela gaineratu du. Kasik amaitutzat jo ditu negoziazioak, eta azaldu du idazteko soilik "gorabehera txikiak" geratzen direla.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak baieztatu du "akordiorako oinarri bat" lortu dutela, baina ez du argitu amnistia fiskalaren eta langile publikoen lanaldiaren luzapenaren inguruan zer hitzartu duten.
Duela bi aste, gobernua osatzen duten bi alderdiek atzo arteko epea eman zieten beren buruei 54 milioi euroko gastu doikuntza nola egingo zuten erabakitzeko. Astearteko bilera luzea akordiorik lortu gabe amaitu ondoren, atzo zuten berriro hitzordua, luzea hura ere.
Aurreikuspen ekonomikoen okertzeak ekarri du 54 milioi euroko doikuntza: aurrekontuak egitean %1,9ko hazkundea espero zuen Iruñeko gobernuak, eta %1,2ko atzeraldia orain.