2015. urtean Europako Batasuneko herrialde bat bera ere ez da egongo atzeraldian. Datu hori nabarmendu nahi izan du Europako Batzordeak (EB), udaberriko ekonomia aurreikuspenak aurkezteko ekitaldian. Aurten, Zipreko eta Esloveniako ekonomiak atzera egingo du, baina heldu den urtean egoera hori gaindituko dute bi herrialdeek.
Europa osorako aurreikuspenak gutxi aldatu ditu Bruselak, neguan egin zituen kalkuluekin alderatuta. Hala, 2014. urtean BPGa %1,6 handitzea espero du, neguan esan zuena baino hamarren bat gehiago. Heldu den urtean %2 izango da, aurretik zegoen aurreikuspen bera. Euroguneari dagokionez, ez du aldatu aurtengo kalkulua (%1,2), eta hamarren bat kendu dio 2015. urterako aurreikuspenari (%1,7).
Edonola ere, susperraldiak "oinarri zabalagoa" izango duela ziurtatu du Bruselak. Izan ere, barne eskaerak —kontsumo pribatuak nahiz inbertsioak— hazkundea indartuko dutela uste du. Era berean, langabezian orain arte baino jaitsiera handiagoa izatea espero du. Aurten, batez besteko langabezia tasa eurogunean %11,8 izango litzateke, eta %11,4 datorren urtean —neguko txostenean baino hiru hamarren gutxiago—.
Inflazio eskasari buruzko kezka ere iritsi da Bruselara. Oraingoz, deflazio arriskurik ez dela uste du Europako Batzordeak. Hala ere, inflazio aurreikuspenak jaitsi ditu. Aurten %0,8 izatea espero du eurogunean, eta %1,2 datorren urtean. EBZ Europako Banku Zentralaren mandatua inflazioa "%2ren azpitik baina hurbil" egotea da.
Slim Kallas EBko presidenteordeak aurkeztu ditu aurreikuspenak gaur. Azken urteotan Olli Rehn Ekonomia eta Finantza komisarioaren egitekoa izan da, baina batzordea arinago uztea erabaki zuen Rehnek, Europako Parlamenturako hauteskundeen lehian parte hartzeko. Kallisen irudiko, susperraldirako arrisku nagusia, orain, "konfiantza galera" litzateke egiturazko erreformekin aurrera segitzeko. Aldiz, erreforma "handinahitsuek" hazkundeari bultzada emateko aukera dutela azpimarratu du. Inflazioari dagokionez, Kallisek aitorrtu du luzaroan txikia izateak badituela arriskuak, baina uste du susperraldia indartzen den neurrian arrisku horiek behera egingo dutela.