Bizkaiko gasolindegiek bart gauerdian hasi dute greba mugagabea. 400 bat langile deitu dituzte sindikatuek grebara, eta herrialde horretako 114 guneetatik hamabitan eskainiko dituzte gutxieneko zerbitzuak. Ohiko ordutegiarekin jardungo dute horietan. Gainera, grebarekin bat egin ez duten 11 gasolindegi ere lanean ariko dira; merkataritza guneetakoak dira gehienak.
Sektore horren lan hitzarmena berritu dezatela eskatzeko deitu dute protestara sindikatuek. Atzo gauerdia baino lehen auto ilara luzeak izan ziren hainbat zerbitzugunetan, gaurko egunaren aurretik autoan erregaia botatzeko. Edonola ere, sindikatuek ziurtatu dute bermatuta dagoela erregai hornidura.
Sindikatuen arabera, ia bi urte igaro dira lan hitzarmenak indarrean egoteari utzi zionetik, eta ez dute lan itun hori berritzeko urratsik egin.
Lurraldeko hainbat lekutan daude gutxieneko zerbitzuak izango dituzten zerbitzuguneak. A-8 errepidean eta Bilbon, bina gasolindegi izango dira zabalik. Gainontzean, bana izango dute irekita Erandion, Arrigorriagan, Basaurin, Bermeon, Elorrion, Gernikan, Sestaon eta Zamudion.