FAGOR

Basauritik Arrasatera abiatu dira Edesakoak, "bazterketa" salatzera

Bi eskari dituzte: beste lan bat emateko, "oraindik ez delako halakorik egin", eta langabezia saria soldataren %80 arte osatzeko. Basauriko plantaren konkurtsoa onartu du jada Malagon epaileak; hark kudeatuko du.

Edesako langile bat, martxan. ARP
xabier martin
2013ko abenduaren 3a
11:31
Entzun

Xabier Bengoetxearen hitzak ondo gogoratzen dituzte oraindik Edesako langileek. Ahalik eta lagile gehien beste lanpostu batean jartzeko konpromisoa hartu zuen Fagor Etxetresnen presidenteak, Bizkaiko Diputazioaren hiru milioi euroko bermeari uko egitea erabakita zegoela berretsi ondoren —ez zelako arazoa konpontzeko nahikoa diru—. Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak Edesaren hartzekodunen lehiaketa onartu zuen atzo, eta oraingoz ez zaio Basauriko langile bakar bati ere beste lanik eman.

Edesako langileek ohar baten bidez jakinarazi dute "erabat bazterturik" daudelako sentipena dutela. Mondragon taldeak orain arte 300 bat langileri eman die beste lan bat, eta horiek guztiak Fagorreko bazkideak direla diote, "Lagun Aroko mutualistak". Basauriko langileek beste tratu bat jasotzen ari direla salatu dute, eta langabezia sariaren auzia jarri dute adibidetzat. "Ukatu egin digute saria soldataren %80 arte osatzea, eta gure lankide mutualistei ez". Gainera, erretiro aurreratua hartzeko adinetik hurbil daudenei ere "ez zaie irtenbiderik eman".

Fagor Etxetresnetako langile bazkideek %80ko langabezia saria jasoko dute, baina den-dena Lagun Aro BGAEko funtsetik, urteetan elikatu duten poltsatik alegia. Basauriko langileak bazkide ere badiren arren, Gizarte Segurantzan izena emanda daude —ez dira bazkide kooperatibista—, eta han kotizatu dute; eta, beraz, ohiko langabezia saria dagokie, %70ekoa lehenengo bost hilabeteetan, eta gero %50. Edesakoek nahi dute Mondragonek %80ra igotzea jaso behar dutena, Lagun Aro BGAEan egon ez arren.

Martxa Urdina, bidean

Beste bazkideekin alderatuta "baldintza beretan" ote dauden aztertzeko epe bat hartu dute Edesako langileek, "baina ikusita aurreikuspen txarrenak egia bihurtzen ari direla", mobilizazioei berriro ekitea erabaki dute. Gaur bertan martxa bat abiatuko dute Arrasatera, Martxa Urdina esan diotena. 31,2 kilometro egingo dituzte oinez Apatamonasterioraino. Bihar burutuko dute Basauri eta Arrasate lotzen dituen bidea, beste hamabost bat kilometro osatuta. Edesa bideragarria dela diote langileek, eta bideragarriak diren kooperatibak saltzeko konpromisoa duela Mondragonek.

Edesa bideragarria den ala ez konkurtsoan ikusiko da. Atzodanik haren hartzekodunen lehiaketa onarturik baitu Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak. Pedro Malagonek bere ebazpenean azaldu duenez, Edesaren kapitalaren %82,29ren jabe da Fagor Etxetresnak, eta egoitza Basaurin badu ere, Fagorren menpe dago —eta haren egoitza Arrasaten dago—. Edesak soilik Fagor hornitzen du, eta Basauriko plantaren zorraren %77 Fagorrekin du. Horregatik, epaileak dio Donostiako auzitegiak duela eskumena Edesaren konkurtsoa aztertzeko.

Azaroaren 21ean aurkeztu zuten Fagor Etxetresnek Edesa konkurtso legean sartzeko eskaria. Mastercook (Polonia) eta Irlandako filiala ere hartzekodunen konkurtsoan daude jadanik. Denak kudeatzen ditu Donostiako epaitegiak, Mondragon taldeak nahi zuen moduan. Grumal eta Proiek filialen eskaera ebaztea falta da, soilik, baina haiek ere Donostiatik kudeatuko dira ezusterik ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.