Donostian egin dute elkartearen aurkezpen ofiziala, gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Baserria XXI izenarekin sortu da Gipuzkoako Baserritarren Elkartea, aldarrikapen argi batekin: "Alternatiba badagoelako, eta horren garrantzitsua den elikadura burujabetzaren gaia gizartearen eta instituzioen egunerokoan kokatzeko sortu dugu Baserria XXI".
Gizartea mundu "ero eta injustu" batean bizi dela nabarmendu dute, eta kontsumitzen denaren gaineko ezjakintasuna dela nagusi. "Jaten dugunaren %95 multinazionalen bidez ekarritakoa da. Auskalo non ekoitzia, auskalo nola ekoitzia, ze lan baldintzatan". Hori gutxi ez, eta bertan ekoitzitakoaren zati handi bat ere erabateko menpekotasunean ekoitzia dela salatu dute. "Bertako esnea edaten dugu, baina Brasilgo soja jaten duen behiarena. Bertako tomatea jaten dugu, baina auskalo nongo elikagaiekin modu hidroponikoan ekoitzia... Eta horrela beste hainbat adibide, baserritarrak lehenik, eta Euskal Herria ondoren, erabateko menpekotasunean mantentzen gaituztenak".
Batzeko deia baserritarrei
Egoera horri buelta ematen ahalegintzeko asmoz sortu dute Baserria XXI. "Gipuzkoa, Euskal Herri eta mundu hobe bat eraikitzeko lanean antolatzeko, elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra gizarte justu eta aske baten ezinbesteko oinarria direlako". Oraingoz, 30 bat baserritarrek osatzen dute elkartea, baina lurraldeko baserritarrei dei egin diete elkartea ezagut dezaten eta harekin bat egin dezaten. "Gure lurra eta bizitzak suntsitzen dituen kapitalismoaz bestelako bizi eta jendarte eredu bat eraiki nahi dugun baserritarrak gara. Eta gure lan jardunetik ekarpenak eginez, gainontzeko herritar eta eragilekin batera egin nahi dugu hori".
Aurrerantzean, baserritarren eta gizartearen onurarako hainbat aldarrikapen landu nahi dituzte: "Eguneroko jardunean arituko gara, gure lur eta baliabide naturalak nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorrerako, produkzio jasangarrirako erabil daitezen; lurrik gabekoek lurrak eskura ditzaten; emakume baserritarrei dagokien garrantzia aitor dakien; herritar guztiok, baina batez ere txikienek, kalitatezko elikagaiak jateko eskubidea bermatua izan dezaten; baserritarron lan baldintzak duindu eta harrotasuna berreskuratzen; gure herrikideei baserrietako ateak ireki eta egiten dugunaren garrantzia plazaratzen, instituzioei inbertsio publikoak proiektu autonomo eta jasangarriak bultzatzeko erabil ditzatela exijitzen".