LAN OSASUNA

Basomutil bat hil da Iraizotzen

Enborrak garraiatzen ari zela irauli zaio traktorea eta harrapatuta geratu da.

Berria.info
2014ko maiatzaren 19a
15:17
Entzun

Istripua 16:00ak aldera jakinarazi diote Nafarroako SOS zerbitzuei. Suhiltzaileak eta anbulantziak iritsi direnerako berandu zen, langilea praktikoki berehala hil delako. 

Gorpua Iruñera eraman dute, autopsia egin diezaioten.

Aurten gutxienez beste bi langile hil dira baso lanetan ari zirela, biak Gipuzkoan.. Martxoaren 25ean Leitzarango bailaran, Berastegi eta Elduain artean zuhaitz bat gainera erori zitzaion basomutil bati eta berehala hil zuen. Deban bizi zen (Gipuzkoa), eta 46 urte zituen. Aurretik, otsailean, Gorla mendian (Antzuola) pinua ateratzen ari zen talde bati zuhaitza erori zitzaion gainera, eta 36 urteko M.L.I. hil zuen. 

Urtea hasi denetik gutxienez hamasei lagun hil dira lanean ari zirela, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera.

AHTko istripuak

Iaz hildako baten kasuak eztabaida eragin du gaur. Abuztuaren 26an, AHTko lanetan, Bergaran, 44 urteko behargin bat hil zen istripuz. EH Bilduk Osalaneko arduradunen agerraldia eskatu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina ezezkoa jaso du. Osalanek argudiatu duenez, Eusko Legebiltzarraren aurrean dagokio azalpenak ematea. Duela aste batzuk bai azaldu ziren Osalaneko eta Eusko Jaurlaritzako Lan Segurtasuneko Agintaritzako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Deskargan izandako istripu baten harira. "Salbuespena" izan zen agerraldi hori, obra hori Gipuzkoako Aldundiak esleitutakoa delako. 

Ezezkoa gaizki hartu du EH Bilduk, eta "AHTren inguruan dagoen sekretismoari» egotzi dio. "EAJk eta haren esku dauden instituzioek ez dute azalpenik eman nahi", ziurtatu dute Inko Iriartek eta Idoia Ormazabalek.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.