Koronabirusak euskal ardoaren sektorea aurrean eramateko arriskua dago. Hainbestekoa da merkatuaren geldialdia, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzeko erabakia hartu du. Txakolin ekoizleei eta Arabako Errioxako ardogileei neurri bateko edo besteko flotagailuak eskaini dizkie. Hala, Basque Wine marka sortu eta sustatuko du Ekonomiaren Garapenerako Sailak, aterki horren pean sal dezaten ardoa hala kanpo merkatuan nola barnekoan, tresna hori baliatzea erabakitzen dutenek.
Ekinaldiaren xehetasunen berri eman die gaur eguerdian, Guardian (Araba) Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak sektoreko eragileei. Araex eskualdeko esportatzaile talde handienaren, ABRA upategi txikien elkartearen eta UAGA nekazarien sindikatuaren ordezkariak egon dira bileran, besteak beste.
«Edozein laguntza» jasotzeko prest daudela esan dute. «Arabako Errioxako ardoak Euskadirekin lotzeko ekinaldia» begi onez hartu dute, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan igo dadin Arabako Errioxaren kontsumoa. «Soilik %20 da lurralde bi horietan kontsumitzen den ardoaren portzentajea ostalaritzan», ohartarazi dute. Tapiak onartu du kopuru hori igo egon behar dela, eta ardo kontsumitzaileek jakin behar dutela zein den «Euskadiko ardoa» eta zein ez.
Labelik ez ikurrinarekin
Jaurlaritzaren ekinaldiak ez du jaso, ordea, botilen etiketan bereizgarri bat jartzeko aukera. Errioxa sor-markaren deliberazioa beharko luke horrelako erabaki batek, eta ez du ematen jatorri izena prest dagoenik abantaila hori emateko Arabako Errioxako upategiei. «Ekoizpen ekologikoa den islatzen duten adierazgarriak bezala, zergatik ez dute utzi behar ikurrintxo bat jartzen?», esan dio Berria-ri upategi txikietako ordezkari batek.
Finean, hezkuntza kontu bat da Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaileen esparruan. Paganos eta Kripan Euskal Herria dira, eta Ezkarai eta San Vicente de la Sonsierra, ez. Zaila da mapa bati begira ardoa erosten hastea, baina adierazgarri batek asko lagun diezaioke muturreko egoera batean euskal produktuari lehentasuna eman nahi dion kontsumitzaileari.
Edonola ere, Basque Wine aterki hori ez da Jaurlaritzak martxan jarritako neurri bakarra. Tapiak azaldu zuen 50 milioi euro arteko likidezia lerro bat aktibatu dutela, eta berme horiek hiru urteko atzerapenez itzultzeko klausula ere jasotzen dutela. «Balio kate osoarentzat dira, upategientzat eta mahastizainentzat. Denak batera atera behar dugu. Ez du zentzurik upategiek aurrera egitea mahastizainak atzean utzita».
Izan ere, beldur handia dago prezioak erabat erortzea 2020ko mahats bilketa iristean, irailean alegia. «Ez dakigu esaten zenbatekoa izan den kaltea», aitortu zuen Arabako Errioxako Kuadrillako presidente Joseba Fernandezek.
Kili-kolo dauden batzuk, hondora
Sektoreko eragile batek esan dio egunkari honi «oso litekeena» dela hainbat upategik ateak ixtea betiko; «kili-kolo zeudenak ez dira berriro altxatuko». Ez alferrik, jatetxeen eta ostatuen kanala erabat izoztu da, eta hura da Espainiako merkatuaren atea. Esportazioak ere eten egin dituzte mugak itxi direnez. Hala ere, kanpora saltzen dutenak zulotik azkarrago aterako diren ustea oso zabalduta dago sektorean.
Kontua da saldu egin behar dela orain, eta saltzeko ekinaldi berriak martxan jartzen ere lagunduko du Jaurlaritzak. Berrikuntza bonu esan dion laguntza hori 700.000 euroren funtsa da. Upategiek Interneten presentzia izateko baliatuko dute, adibidez.
Ardoari esker bizi diren 1.300 familia daude Arabako Errioxako hamabost udalerrietan, eta «edozein laguntza» ondo datorkiela esan du prentsaurrekoa amaitu ondoren beste eragile batek. Baina, askok jada ICO lerroak ere baliatu dituztela esplikatu zuen, eta benetako laguntza euskal merkatuan salmentak igotzea litzatekeela.
Sor-markaren zain
Bien bitartean, Toloño mendilerroaren eta Ebro ibaiaren arteko mahastietan naturaren zikloa aurrera doa, eta lau hilabete barru mahats bilketa iritsiko da. Upategietan 2019ko ardoa atera gabe dago, eta benetako arazoa gerta daiteke gehiegizko ekoizpena dela eta. Upategi txikiak beldur dira handiek salneurriak botatzeko har dezaketen erabakia dela eta. «Gure ardoari balioa emateko azken urteetan egin dugun lan eskerga alferrik gal dezakegu», onartu zion egunkari honi Juan Luis Cañas ardogileak, orain gutxi.
Horregatik, Errioxako sor-markak aurtengo mahats bilketari begira har dezakeen erabakien zain daude. Espainiako Gobernuak luze gabe erabakiko du ardoak izango duen laguntza, eta mahatsa bildu gabe uzteak edota ardoa konfinatzeak (merkatura ez ateratzea) berebiziko garrantzia izan dezake ekoizle batzuentzat. Arabako Errioxako ardogile txikiek tentu handiz erabaki beharko dute, ordea, beren negozioak ez duelako zerikusirik Gaztela Mantxakoarekin. Kantitatea eta kalitatea aurrez aurre daude negozio bi horietan.