Bateratzeko proiektua «luze gabe» aurkeztuko dute kutxek

Erakundeen izaerari eusteko aukera posible «bakarra» da banku batean biltzea, Kutxako Xabier Iturberen ustez

Kutxak batzarra egin zuen atzo Donostian. GARI GARAIALDE ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxak bateratzeko proiektua «luze gabe» aurkeztuko dutela iragarri zuen atzo Xabier Iturbe Kutxako lehendakariak, eta proiektu hori «eztabaidatzeko» aukera egongo dela esan zien erakundeko batzarkideei. «Espero dut batzarreko gehiengo kualifikatuak onartuko duela».

Gipuzkoa eta Donostiako Kutxak ohiko batzar orokorra egin zuen atzo. Iturbek hitza hartu zuen ekitaldian, eta BBKrekin eta Vitalekin hasitako prozesuari buruz aritu zen. Ez dela berak nahiko lukeen bat-egite osoa izango onartu zuen, baina eskura dagoen «proiektu posible bakarra» dela ohartarazi zuen, aurrezki kutxen «funtsari» eusteko.

Finantza arloko negozioa banku batean bilduko dute BBK-k, Kutxak eta Vitalek. Oraingoz, ez dute argitu banku horretan aktibo guztiak egongo diren edo ez. Hori bai, aukeratu duten bidea etorkizuna adosteko ardura duten talde eta erakunde guztientzat «onargarria» dela uste du Iturbek. Horri esker kutxen nortasun soziala, gizarte ekintza eta lurraldearekin konpromisoa gordeko direla agindu zuen, gainera.

Egoera ekonomikoari dagokionez, 2011. urterako negozio aurreikuspenak ez direla onak nabarmendu zuen Kutxako lehendakariak. «Are gutxiago erakundeen emaitzak kaltetzen dituen guda komertzial batean sartuta gauden honetan».

CANen aktiboak, Civicara

Gizarte ekintzari dagozkionak alde batera utzita, aktibo eta pasibo guztiak Banca Civicaren eskuetan uzteko erabakia berretsi zuen atzo Nafarroako Aurrezki Kutxako (CAN) administrazio kontseiluak. CANek zituen markak eta izen komertzialak ere Banca Civicaren jabetza izango dira aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.