Urtea hasi zenetik, %2,9 igo da batez besteko pentsioa Hego Euskal Herrian: Espainiako Gizarte Segurantzako datuen arabera, joan den abuztuaren 1ean 1.171,36 eurokoa zen batez besteko hileroko pentsioa. Gorakada, batez ere, azken hilabeteko gaurkotzeari dagokio (%1,9 igo da uztailetik abuztura), pentsiodunek azken ordainketan kobratu baitituzte Espainiako Gobernuak 2018ko aurrekontuetan txertatutako hobekuntzen atzerapenak: pentsioak batez beste %1,6 handitzea, gutxieneko pentsioak beste %3, eta alargunen pentsioaren kalkulurako oinarria igotzea.
Hego Euskal Herrian 687.676 pentsiodun daude, urte hasieran baino 5.957 gehiago. Pentsiodunen artean, gehien-gehienak erretiratuak dira, 446.267 hain zuzen. Erretiroko pentsioaren batez bestekoa hilean 1.338,33 eurokoa da, eta alargunen pentsioarena, hilean 803,40 eurokoa. Hegoaldean, guztira, 164.948 pertsonak jasotzen dute alarguntza pentsioa.
Pentsiodunek zortzi hilabete daramatzate mobilizazioetan pentsio duinak eskatzeko, eta, gaur bertan, Bilboko udaletxearen aurrean eta hainbat herritako plazatan elkartzekoak dira protesta egiteko. Mobilizazio horiei esker, hainbat onura lortu dituzte pentsiodunek: besteak beste, jasangarritasun faktorea 2024ra arte atzeratzea, pentsioak batez beste %1,6 handitzea, gutxieneko pentsioak beste %3 igotzea eta alargunen pentsioa kalkulatzeko oinarria ere handitzea.
Hala ere, "adabakitzat" jo dituzte hobekuntzok, eta kaleak betetzen jarraituko dute oinarrizko eskaerak bete arte: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, pentsioak KPIaren arabera eguneratzea 2020tik aurrera ere, orain arte pentsioen erreformak baliogabetzea eta euskal pentsio sistema propioa izatea.