Batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean igoko da Hegoaldean 2024an

Hirugarrenez jarraian batez besteko KPIaren arabera eguneratuko dituzte: aurtengo batezbestekoa, oraingoz, %3,8 da. Igoera eskas gera daiteke espero den inflaziorako

Pentsiodun bat, Donostian eginiko protesta batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko pentsiodunek lasai lo egin dezakete: haien nominak igo egingo dira urtarriletik aurrera, ordurako Espainian gobernurik osatu ez arren, edo, osatuta ere, aurrekonturik gabe jarraitzen badu ere. Zenbat igoko diren ere aurreratu daiteke: batez beste 50 eta 60 euro artean.

Espainiako Gorteek 2021ean onartu zuten erreformak bertan behera utzi zuen PPren gobernuen garaiko eguneraketa sistema —hainbat urtez %0,25 igotzea eragin zuena—, eta inflaziora lotu zuen berriro. Zehatzago esateko, aurreko urteko abenduko eta ondorengo urteko azaro bitarteko batez besteko inflazioaren arabera handitzen dira.

Abenduaren erdialdean argitaratuko da azaroko KPIa, eta orduan jakingo da zehazki pentsioak zenbat igoko diren. Dena den, behin-behineko kopuru bat aurreratu daiteke jada.

Atzo jakinarazi zuen INE Espainiako estatistika erakundeak iraileko inflazioa —%3,5ekoa, abuztuan baino bederatzi hamarren handiagoa—. Hortaz, iazko abendutik aurtengo irailera arteko batezbestekoa %3,85 da. Espainiako Bankuaren arabera, litekeena da inflazioak behera egitea hurrengo bi hilabeteetan, eta azarora arteko batezbestekoa %3,6ra jaistea. Baina hark eta beste erakunde batzuek ez dute baztertzen igotzea ere, energien prezioen gorabeherengatik, irail honetan gertatu den moduan. Hortaz, ia ziurra da %3,5 eta %4 artean kokatuko dela KPIaren batez besteko igoera, eta, horrekin batera, pentsioena.

Azken hamabost urteetan bitan baino ez da igoera handiagorik izan: %8,5ekoa aurten eta %4,1ekoa 2008an. Ikusteko dago, baina, aski izango ote den hurrengo urteko prezioen gorakadari aurre egiteko, bereziki urte hasieran, abenduaren 31n amaitzen baitira Espainiako Gobernuaren energia merkatzeko laguntzak. Espainiako Bankuak kalkulatu duenez, horrek 1,5 puntu igoko luke inflazioa. 2024ko batezbestekoa aurtengoaren pare amaitzea aurreikusten du: %4,1.

Erretiro pentsio gehiago

Orain arteko urteko inflazioaren bilakaera kontuan hartuta, sistemaren batez besteko pentsioa— erretiroarena, elbarriena, alarguntzarena, umezurtzena eta senideen aldekoa barne hartzen dituena — hilean 56 euro handituko litzateke: gaur egun 1.456 euro dira hilean Hego Euskal Herrian. Igoera handiagoa izango lukete erretiro pentsioek: 64 euro. Gaur egun, erretiro pentsioen batezbestekoa 1.657 eurokoa da.

Pentsioen bi heren erretiro pentsioak dira, 480.000 inguru. Eta horiek dira azken urtean hazi diren bakarrak, biztanleria zahartzen ari delako eta orain erretiroa hartzen ari direnen artean kotizatzaile gehiago daudelako duela hamarkada batzuk baino.

Alarguntza pentsioak 165.000 inguru dira, eta 1.021 euro jasotzen dituzte batez beste. 40 euro inguruko igoera izango lukete urtarriletik. Alarguntza pentsio minimoek, berriz, igoera handiagoa izango dute,martxoan EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin pentsioen erreforman onartutako aldaketaren ondorioz. Gaur egun 593 eta 906 euro artean jasotzen dituzte hilean, kontuan hartuta zenbat senideren ardura duten. Akordio horri esker, 2024an, pentsio indibidualak 40 euro igoko dira (%6,7) eta 126 euro (%13,9) senideak ardurapean dituztenenak. Igoera hori progresiboa izango da hurrengo hiru urteetan. 2027an, neurria erabat aplikatzen denean, kargak dituen pertsona batentzako gutxieneko alarguntza pentsioek %30 igoera izango dute guztira.

Kotizatzen ez duten pentsioak, berriz, ez daude lotuta inflazioaren igoerari, eta gobernuak zehazten du zenbatekoa bere aurrekontuetan. EH Bilduk eta Pedro Sanchezen gobernuak adostutakoaren arabera, 2024an, aurten bezala, %15 handituko dituzte.

Era berean, genero arrakalaren osagarria kobratzen dutenek ere igoera izango dute, inflazioarekin loturikoa gehi %10: 35 euro inguru guztira seme-alaba bakoitzeko.

Igoera kotizazioetan

Inflazioaren igoerak gehieneko kotizazioei ere eragingo die, gobernuak lehen zeukaten muga kendu egin baitu. Aurten, lehen aldiz, igoera automatikoki ezarriko da urtarrilean, eta gobernuak ez du erabaki beharko kuotak igotzen dituen ala ez eta zer portzentajetan. Arau berriaren arabera, gehieneko kuotak 1,2 puntu igoko dira urtero batez besteko inflazioaren gainetik, eta, orain arteko bilakaera ikusita, %5etik gorakoa izango da igoera. Horrela, gehieneko kotizazioa 4.495 eurotik 4.700 eurora pasatuko da hilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.