Lana

Batez besteko soldata, behera berriro

Behera egin duen bigarren urtea da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, %2,4 handitu da ordaina.

Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 29a
07:22
Entzun

Soldaten egoerari buruzko eztabaidari datu gehiago eman dizkio INE Espainiako Estatistika Erakundeak. Soldaten egiturari buruzko azterketaren azken emaitzek diote 2016an berriro ere behera egin zuela batez besteko soldatak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Orotara, hiru hamarren egin zuen atzera. Aurreko urtean beste zazpi hamarren murriztu zen.

Nafarroan datua hobeagoa da. Batez besteko ordainak igo egin ziren berriro iaz, aurreko urtean baino indar gehiagorekin, gainera.

INEk gaur argitaratutako datuen arabera, EAEko langileen batez besteko ordaina 27.480 eurokoa izan zen. Nafarroan txikiagoa da: 25.468 euro.

Sektoreen arabera datu esanguratsuak eskaintzen ditu INEk. EAEn, eraikuntza sektoreko ordainek izan zuten galera handiena (-%3,5), eta zerbitzukoak ere jaitsi ziren (-%1). Aldiz, industriako soldatak %1,2 igo ziren. Nafarroam antzeko erorketa izan zuen eraikuntzak, baina industriaren (%3) eta zerbitzuen (%2,2) gorakadak konpentsatu zuen.

Soldata arrakala: %24-28

Arrakalari buruzko neurketa ere ahalbidetzen du azterketak. Emakumeen batez besteko ordaina 23.428 eurokoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Soldata hori gizonena baino %24 txikiagoa izan zen. Eurotan, 7.500 eurotik gorako aldea dago. Nafarroan are handiagoa da tartea. Emakumeen batez besteko soldata gizonena baino %28 eskasagoa da. 8.152 euro gutxiago dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.