Batez ere garraioan eragin du Portugalgo grebak

CGTP sindikatuak adierazi du «greba handia» izan dela, nahiz eta aurrekoek baino arrakasta txikiagoa izan

Erredakzioa
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Lan erreformaren kontra atzo Portugalen egin zuten greba orokorrak erantzun gorabeheratsua izan zuen. Sektore eta gune jakin batzuetan nabaritu zuten haren eragina, baina, oro har, duela lau hilabeteko lanuzteak baino arrakasta txikiagoa izan zuela esan dute herrialdeko erakunde publiko eta enpresa pribatuetako bozeramaileek eta hedabideek. Baita Armenio Carlos herritarrei grebarako deia egin zien sindikatuko (CGTP) idazkari nagusiak berak ere. Lisboako TSF irrati katean aitortu zuen asko kosta zaiela langileak lanuztera konbentzitzea. Hala ere, pozik azaldu zen herritarren erantzunarekin: «Greba orokor handia izan da». Kontuan hartzekoa da atzoko greba CGTP sindikatuak bakarrik antolatu zuela; aurrekoak, berriz, CGTPk eta UGTk, elkarrekin.

Eraginik handiena sektore publikoan izan zuen, eta, batez ere, garraioan. Lisboako metroak ez zuen zerbitzurik eman egun guztian —egunean milioi bat bidaiari garraiatzen ditu—; Portokoak gutxieneko zerbitzuak bakarrik eman zituen; eta autobus, tren eta itsasontzi zerbitzuetan atzerapenak nabariak izan ziren. %70etik gorako erantzuna izan zuela adierazi zuen CGTPk.

Garraio publikoa erabiltzeko izango zituzten zailtasunez jabetuta, egun arrunt batean baino askoz herritar gehiagok erabaki zuten lanera autoz joatea. Horrek auto ilara luzeak sortu zituen hiriguneetan.

Suhiltzaile, zabor biltzaile, portu zerbitzuetako eta administrazioko langile gehienek ere greba egin zutela nabarmendu zuen CGTP sindikatuak, erietxe askok gutxieneko zerbitzuak besterik ez zutela eman eta 40tik gora ikastetxek ez zituztela ateak zabaldu ere egin. Enpresa pribatuetan eta merkataritzan ere grebak oihartzun zabala izan zuela adierazi zuen. Portugalgo hedabide gehienek, ordea, kontrakoa diote: bi sektore horiek, bederen, normal-normal jardun zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.