Mondragon taldea

Batzorde Kudeatzailea izendatu du taldeak

Txomin Garciak, Agustin Markaidek, Xabier Mutuberriak eta Javier Sotilek beteko dute presidente berria izendatzen den arteko hutsunea; Fagor Etxetresnetan 335 kaleratze egiteko dosierra tramiterako onartu du epaitegiak.

xabier martin
2014ko otsailaren 6a
20:01
Entzun

Txomin Garcia, Agustin Markaide, Xabier Mutuberria eta Javier Sotilek osatu dute Mondragoneko Batzorde Kudeatzailea. Presidente berria izendatu arte, haiek gidatuko dute taldea. Izendapen hori maiatzeko kongresuaren aurretik izango da, kongresuan aurkeztu baitu presidenteak hausnarketa prozesuaren emaitzak eta etorkizuneko lerroak.

Batzordeak Mondragonen organoetan taldearen etorkizunari buruzko hausnarketa bultzatzeko ardura izango du eta, hasteko, "egoeraren lehen balorazio bat egingo du, oinarrizko jarduera ildoak mugatuko ditu, eta datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria marraztu".

Batzorde Kudeatzailearen bitartez Arrasateko taldearen "zerbitzuen funtzionamendu operatiboa" bermatu nahi dute, Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izendatu arte, eta oinarriak jarri nahi dituzte, "kooperatiba kide guztietako bazkide guztiek etorkizuneko Mondragon nolakoa izango den erabaki ahal izan dezaten".

Ildo horiek osatuko duten jarduera esparrua 2014ko Kongresuan aurkeztuko dituzte, baina eguna zehazteko dago oraindik. Diagnostikoa eta hausnarketaren ildo nagusiak aurkezteko arduraduna Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izango da; datozen urteetan taldea gidatuko du hark. Hausnarketa 2015ean egingo den Kongresu batean burutuko da, eta bertan onartuko dira talde kooperatiboaren "funtsezko alderdiak"; kongresu hori egin aurretik, kooperatiba guztietan "edukia zehazteko parte hartze prozesu zabal bat" garatuko dute.

Kaleratzeak Fagor Etxetresnak taldean

Donostiako epaitegiak tramiterako onartu ditu Fagor Etxetresnen taldean aurkeztutako kaleratzeak, 147 Grumalen, 82 Edesan, eta 106 Fagor Etxetresnetan. 335 kaleratze jasotzen ditu Fagorren konkurtsoa daramaten administratzaileek. Hiru ebazpenetan 30 eguneko kontsulta epea zabaldu du Pedro Malagon epaileak. Hiru kooperatibetako langileei ordezkaritza talde bakarra eratzeko ere esan die, administratzaileen ordezkariekin negoziatu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.