Enpresak

Bayerri Monsanto erostea baimendu dio Bruselak

Trukean, 6.000 milioi eurotik gorako desinbertsioak egingo ditu Alemaniako multinazionalak, negozioaren parte bat BASF lehiakideari salduta.

Bayer multinazionalaren lantegi bat, Alemaniako Leverkusen hirian. OLIVER BERG / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 21a
07:19
Entzun

Europako Batzordearen oniritzia lortu du Alemaniako Bayer multinazionalak gaur, AEBetako Monsantorekin batera, hazi eta ongarri kimikoen munduko enpresa handiena sortzeko. Baldintzapeko baimena da, hala ere. Bayerrek agindutako desinbertsioak egin beharko ditu, eta prozesu hori amaitzean sektoreko lehiari eta lehiakide kopuruari eutsi zaiola egiaztatuko du Bruselak.

Lehia gutxitzeko kezkari aurrea hartzeko, hazien eta fitosanitarioen negozioa BASF lehiakideari saltzeko akordioa egin du honezkero Bayerrek. EBko Lehia komisario Margrethe Vestagerren aburuz, BASF konpainiak "erosle egokia" izateko ahalmena du. Hau da, baditu hazien merkatuan jokalari garrantzitsua izateko beharrezkoak diren "eskala globala eta finantza sendotasuna". 66.000 milioi ordaindu zituen Bayerrek Monsantoren truke, sektore agrokimikoan talde handiena sortzeko.

Interes handia piztu du erosketa honek. Batasuneko Lehia Agintaritzak milioi bat eskaera jaso ditu horri buruz. Vestagerrek ziurtatu du ulertzen dituela herritarren eta nekazarien kezkak, sektore horretan aldaketa handiak egon direlako azken garaiotan. Dow Chemical eta DuPont bateratu dira, eta ChemChinak eta Syngentak bat egin dute. Bayer eta Monsantoren artekoa hirugarren eragiketa korporatiboa da, jarraian. "Bateratze hauetako batek ere ez du lehia murriztu", Vestagerren arabera.

Monsantoren glifosato pestizidak sortutako polemikari ere errefentzia egin dio Bruselaren erabakiak, zeharka. Bayer ari zen horren alternatiba bat saltzen, eta horren garapena BASFen eskuetan jarraitu ahalko duela uste du Europako Lehia Agintaritzak. Vestagerren ohartarazi du osasun edo ingurumen kezkak, garrantzitsuak izanagatik, ezin dutela izan bateratze prozesu bat baimentzeko erabakiaren parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.